Asteazkenean publiko egindako oharraren bidez, Mamiki konpartsa feministak aurten txosnarik jarriko ez duela jakinarazi du. Zintzotasunez, adierazi dute "une nahiko delikatuan" daudela eta ondorioz hainbat erabaki hartzera behartuak ikusi direla, aurten txosnarik ez muntatzea izanik erabakiotako bat.
Duela urte batzuetatik arrastaka zekartzaten egiturazko arazoak aipatu dituzte erabakia hartzeko arrazoien artean, "jarduera guztia dinamizatzeko eta artatzeko errelebo konprometituaren" falta, besteak beste. "Talde eragilean gutxi gaude, ez dugu denera iristeko indarrik eta ez dago erantzunik guk gure mamiki-unibertsoa deitzen diogunaren aldetik", diote. Azaldu dutenez, etengabeko ahalegina egin dute emakumeak Mamikiko konpartsakide izatera animatzeko, baina nahi luketen arrakastarik gabe. "Konpartsa dinamika proaktiboagoa eraikitzen saiatu gara, eta zikloa duintasunez ixteko azken ahaleginean, 43 urteko bizitzaren ondoren Mamikik merezi duen bezala, azken unera arte hainbat ate jo ditugu nahi genuen emaitza lortu gabe", irakur daiteke argitara emandako idatzian.
Hala bada, "horretarako hauspo nahikorik" ez dagoela iritzirik, aurtengo Aste Nagusian txosnarik ez muntatzea erabaki dute. Azpimarratu dute erabakia talde prozesu baten emaitza dela, eta baduela azken bileran bildu ziren konpartsakideen bermea. "Bertan, azken bost urteetako prozesua zehatz-mehatz azaldu genuen, eta argi geratu zen ziklo baten amaieraren aurrean gaudela, konpartsaren proiektuari agur esateko atarian".
Mamiki Konpartsaren balizko itxieraren zurrumurrua airean ibili da azken egunotan, eta ondorioz jazotako zenbait erantzunen gainean mintzatu nahi izan dira konpartsakideak. Albisteak "etorkizunari beste modu batera begiratu nahi diotela diruditen emakumeen 'ekintza' batzuk" eragin dituela aipatu dute, argi uzteko beraiek ez dituztela partekatzen "ez formetan, ezta edukian ere". Beren hitzetan, "ez dute zerikusirik sororitatearekin edota Mamikik aldarrikatzen dugun praktika feministarekin. Hala ere, ekintza horiek modu eraikitzailean eta barne mailan baloratu eta konpondu behar ditugulakoan gaude".
Pentsatzekoa denez, Mamiki Berria-ri egiten diote erreferentzia; "Mamikiko hainbat emakumez osatuko talde berregituratu" gisa aurkeztu dira, eta aste honetan atera dute manifestua, Mamiki Konpartsari eusteko asmoa agertuz. Bertan diotenez, txosna ez muntatzeko erabakia ez da hartu Mamiki osatzen duten guztiekin, eta Mamiki Berriak "egitasmoa zabaltzen saiatu" eta "orain arte guretzat gune seguru hau izan dena" berrantolatu nahi du.
1979an sortu zen Mamiki Emakumeon Konpartsa, Aste Nagusian eta jai ereduan begirada feminista txartatzeko. Ordutik BEA Bizkaiko Emakumeen Asanbladak sostengatu du proiektua, 43 urteko ibilbidea eginez.