“Pop-a ez da ideia puru bat, errealitate orojale bat baizik”

Erabiltzailearen aurpegia Kepa Matxain 2022ko urr. 25a, 13:00
Argazkiak: Dani Blanco

Hamabost urte bete ditu aurten Elbis Rever taldeak. Tarte horretan 500 abesti baino gehiago, ia 200 kontzertu eta lau elkarrizketa egin dituzte. Taldearen koordenatuak zeintzuk diren iradokitzen du datuak: pop talde bat izateko aspirazioaren eta bazterreko soinu eta jarrera baten artean dabiltza zabuka, ezkutaketaren mugetan. Beren irudia zuzeneko performatibitatean eraiki dute batez ere, baina azkenaldian soinu propio baten bilaketara emanak dabiltza. Horren erakusgarri da argitaratu berri duten Happy Birthday lana.

Duela 20 urte ezagutu zuten elkar Alba Burgosek (Bilbo, 1984) eta Natalia Vegasek (Astrabudua, 1984), Bilboko Arte Ederren Fakultatean sartu berritan. Garai oso bizi moduan oroitzen dute hura: Los robots del espacio proiektua abiatu zuten Miguel Angel García ‘Xedh’-ekin, eta “Colectivo pop”-en parte ere izan ziren, beste zenbait artistarekin batera. “Gauza mordoa egiten genuen: adibidez, Arnold Schönberg-en diskoek zein sentsazio fisiko sorrarazten zizkiguten aztertzen genuen, Stan Brakhage-ren bideoak ikusten genituen, eta, oro har, Fluxus taldearen espiritua oso presente zegoen egiten genuen guztian. Noiz edo noiz irakasleren batek ere parte hartzen zuen kolektiboaren bilkuretan”.

Handik gutxira, Burgos Erasmus egonaldian Varsoviara (Polonia) joatear zela, Vegasek eta biek erabaki zuten talde bat sortuko zutela. Izena ere erabaki zuten, reversible hitzari [alderantzikagarri, gaztelaniaz] buelta eman, eta hara: Elbis Rever. Bueltan hitz egitekotan gelditu ziren. Baina Burgosek irakinaldi betean aurkitu zuen Varsovia, eta ezin talde bat osatu eta kontzertu bat emateko tentazioari eutsi: han ezagututako hainbat lagunekin –Janina eta Alexandra McCormackekin eta Faezeh Araeerekin– eskaini zuen Elbis Reverren lehen emanaldia. Hori gutxi ez eta sei abestiko maketa ere grabatu zuen haiekin. Bilbora itzultzean jakinarazi zion Vegasi: “Listo, badugu taldea, eta hau da gure lehen diskoa. Mugi zaitez, eta ikasi ahal dituzun guztiak”. 15 urte beranduago, Burgos Hong Kongen bizi da, Vegas Bilbon, baina Elbis Reverrek aurrera jarraitzen du, eta hori ospatzeko Happy Birthday biniloa argitaratuko dute urte amaieran. Burgos egun batzuetarako itzuli dela aprobetxatuz, Bilboko Zabalburu plazako terraza bat aukeratu dute elkarrizketa egiteko. “Ez digute alferrik jarri Zabalburu sound etiketa”.

Modu askotara ezaugarritu daiteke Elbis Rever. Baita ukaziotik ere. Esaterako, ez duzue bereziki kalitate altuko soinua erabiltzen.

Beti izan gara zikinak soinuarekin. Grabaketa batean atzeko zarata sartzen bada, ez dugu sekula garbitzen. Horretan ez dugu bat egiten soinu teknikariek soinuaz duten ohiko kontzepzioarekin: nahi izaten dute lehenik soinu “garbia” grabatzea, eta zarata gehitzekotan, gerora gehitzea. Ez zaigu ondo iruditzen. Demagun zerbait grabatu duzula, primeran atera zaizula, eta grabatu bitartean inguruko zakur batek zaunka egin eta haren soinua ere grabaketan sartu dela. Zergatik grabatu berriro? Laurehun aldiz errepikatuta ere ez zaizu berdin aterako. Gera dadila zaunka bere horretan.

Akatsaren estetika?

Bai, baina bilatu gabea. Askotan akatsa probokatzen da gero hura estetizatzeko, eta guri ez zaigu hori interesatzen. Gehiago da esatea: “Hara, zein ongi dagoen bere horretan”. Ziur asko, noise-tik jasotako jarrera batekin du zerikusia –beste soinu mota batzuk ere entzungarriak direla aldarrikatzearekin–. Betidanik errespetatu dugu asko lehendabizikoz gertatzen den hori. Ez diegu abestiei buelta handirik ematen: grabatu, egunean bertan Soundcloud-era igo, eta beste zerbaiti ekiten diogu.