Bi hilabete baino ez dira atzera egin behar zeresana eman zuen Azoraren etxe kaleratze bat oroitzeko. Donostiako Gros auzoan, Ertzaintzak bizilagun batzuk bota zituztela salatu zuten funtsaren aurka antolatuta dagoen plataformak, Azoraren Maizterrak deiturikoak. Behin baino gehiagotan salatu dutenez, etxebizitza askoren jabe da Azora funtsa eta hilabeteak dira auzokideak beren etxeetatik botatzen ari dela. Azaroaren hasieran jazotako gertakari horietan, hainbat bizilagun gerturatu ziren familiari babesa adierazi eta kaleratzea salatzera; herritarrek jarrera baketsua izan zuten arren, Ertzaintzak borra kolpeka erantzun zuela informatu zuen orduan Irutxuloko Hitzak. Sareetan zeresana eman eta apur bat ospetsuagoa egin zen putre-funtsa, eta Donostiako Udalak ohartarazpena egin zion enpresari, oroitaraziz "ez duela eskumenik" bere jabetzako etxebizitzak "apartamentu turistiko bihurtzeko".
Aurrez, 2022ko otsailean, berriz, Azoraren Maizterrak, STOP Kaleratzeak eta Alokairu Benta Berri taldeek lortu zuten Azora putrearen desjabetze bat bertan behera uztea. Auzia lehendik dator, ordea: 2020an, prentsaurreko bidez jakinarazi zuten Azoraren Maizterrak mugimenduko kideek putre funtsa hilero-hilero jendea kaleratzen ari dela. Izan ere, salatu dutenez, alokairu-prezioak maiztasun oso handiz igotzen dituzte eta horren jakinarazpena burofax bidez soilik egiten dute.
Autobus-geltokien erosketa
Uztailean egin zuen Donostiako autobus-geltokiaren erosketa Azora putre funtsak –egunean 8.000 eta 10.000 erabiltzaile inguru ditu–, eta berriki ezagutu da Bilboko Intermodal zentroaren partaidetzaren %51 erosi diola Amenabar Taldeari. Donostian baino bi aldiz erabiltzaile gehiago ditu egunean Bilboko autobus-estazioak, lehen Termibus zenak, baina horrez gain, Renferen aldirietako trenak, Bilboko metroa eta tranbiarako sarbidea ere eskaintzen du Intermodal delakoak.