Ostiral goizean zabaldutako bideo batean ikus daiteke ertzain batek pertsona bati nola egiten dion eraso. Inor grabatzen ari zela ohartu gabe emandako kolpe gogor batekin lurrera bota du herritarra, "isil zaitez behingoz!" oihu egiten dion bitartean, gaztelaniaz ("¡Cállate ya, coño!"). Naizek informatu duenez udaleko iturriak aipatuz, bideoa "duela zenbait hilabetekoa" da.
Segundo gutxian, bertan zeuden hamar bat udaltzain eta ertzainek alde egin dute autoetan; pertsona hori lurrean botata utzi dute.
ARGIA harremanetan jarri da Irungo Ertzaintzaren bulegoarekin eta adierazi diote ez dutela adierazpenik egingo, bideoa aztertzen ari direlako. "Ez dakigu bideoa ez noizkoa den ez zer gertatu den, beraz, ez dugu adierazpenik egingo gauzak argitu arte", adierazi diote.
Irungo Udaltzaingoarekin ere harremanetan jarri gara eta ez dute adierazpenik egin.
Nazioarteko Human Rights Fundation-ek adierazi du gertaerak EAEko fiskaltzan salatzea aztertzen ari dela.