Komunitatea

Ingreso altuko eremua

Erabiltzailearen aurpegia Sukar Horia 2024ko ira. 12a, 15:16

Argazkia: Artxibo irudia.

Ekainean jarri du martxan Bilboko Udalak Emisio Gutxiko Eremua, irailera arte isunak jartzen hasiko ez bada ere. Neurri horrek auto zaharren sarrera mugatuko du Bilboko zabalgune burgesera astelehenetik ostiralera. Hasiera batean 2000. urtea baino lehen matrikulaturiko gasolinazko autoak edo 2006 baino lehen matrikulaturiko dieselak ezingo dira sartu, baina neurriak zorroztuz joango dira, eta 2030erako C edo ECO kategoriako kotxeak bakarrik sartu ahalko dira.

Neurri horren helburu teorikoak kutsadura eta klima aldaketaren aurkako borroka dira, baina dagoeneko hainbat kritika jaso ditu mugimendu ekologistaren partetik. Alde batetik, neurri horrek auto ekologikoaren mitoa indartzen du, kotxe batzuk garbitzat hartzen baititu. Alta, auto eta ekologiko kontzeptuak bateraezinak dira. Adibide bat ematearren, nahiz eta motorrak partikula kutsakorrik ez isuri, pneumatikoen marruskadurak hainbat partikula kutsakor isurtzen ditu; konbustioko autoek baino dezente gehiago, gainera, baterien pisuaren ondorioz. Horrez gain, osasunarentzat oso kaltegarriak diren NO2 partikulen kasuan, auto elektriko batek konbustioko batek isurtzen dituenen %80 isurtzen ditu, eta, beraz, isuri-murrizketa oso txikia dakar.

Antzeko zerbait gertatzen da berotegi efektuko gasekin; auto elektrikoek ez dute zuzenean CO2rik isurtzen, baina elektrizitatearen zein autoaren produkzioan bertan hainbat CO2 tona isurtzen dira, beste hainbat ondorio ekologiko negatibo ekartzeaz gain.

Pertsona bat garraiatzeko 1.500 kilogramoko aparailu bat mugitu behar izatea ez da inoiz ekologikoa izango, autoa berdez marrazten badugu ere

Gainera, autoak hirien espazio publikoaren ehuneko handia bereganatzen du (%70 inguru), eta ingurune berdeak izan zitezkeenak asfaltopean itotzen ditu.

Finean, pertsona bat garraiatzeko 1.500 kilogramoko aparailu bat mugitu behar izatea ez da inoiz ekologikoa izango, autoa berdez marrazten badugu ere.

Beste alde batetik, neurriaren kutsu klasistak ere kritikak jaso ditu. Izan ere, auto zahar baten jabea Bilboko zentrora garraio publikoz hurbildu ahal bada, zergatik ezin du gauza bera egin Iberdrola dorrera doan exekutibo batek? Kotxea gero eta gutxiagorentzako pribilegio bat izango da, baina ez da hirian hartzen duen espazioa mugatuko.

Horren aurrean ekologistok zer proposatzen dugu? Bada, garraio publikoa indartzea, autoei lekua kentzea bizikleta eta oinezkoentzako eremuak handituta, eta kotxeen sarbidea beharraren arabera mugatzea (bizilagunak, mugikortasun arazoak dituen jendea…), eta ez kotxe-gidariaren gaitasun ekonomikoaren arabera.

Emisio Baxuko Eremuak nahi ditugu, ez Ingreso Altuko Eremuak.