Horixe erakusten du Athleticek urteak joan urteak etorri; lehia dagoen munduan lehiatzeko moduak bereizi ez ezik indartu ere egiten gaituela agerian utzi du talde zurigorriak. Beste behin ere. 116 urteko historia horren lekukoa da. Izan ere, ibilbide luze horretan une latzak bizi behar izan ditugu, orain dela urte gutxi batzuk larrienetarikoak esaterako, eta bizitzen jarraituko dugu. Ez izan dudarik. Gaur denok ospatuko dugu lortutakoa, Athleticzaleok merezi dugu ganoraz ospatzea, bai. Futbola emozioak dira, gaurkoak oso biziak, sutsuak eta barru-barrukoak. Poza. Harrotasuna. Ospatu dezagun, bada. Ospatu dezagun finalek eta Championserako sailkatu izanak indartu egingo dutela belaunaldi gazteen lotura zurigorria; ospatu dezagun gure ardatza den Lezama inoiz baino oparoago dabilela; ospatu dezagun denok; ospatu dezagun filosofia aldatzeko batzuen eskakizunak iraganeko kontua ematen duela; ospatu dezagun guztiok, bai.
Etorriko dira sasoi beltzak, den-dena kolokan jarriko digutenak, etorriko dira zalantzak, zailtasunak eta arazoak. Egoera horietan zelan jokatuko dugu? Gu geu izaten orain arte moduan edo besteen antzera, beste klub bat gehiago izaten, alegia. Guretzat bidea helmuga bera baino garrantzitsuagoa da, eta bideaz ari naizela, datorren denboraldian, printzipioz, ez dugu berriro bisitatuko Old Trafford, baina batek daki, agian Anfieldera joango gara, “You´ll never walk alone” bertatik bertara entzutera, “ATHLETIC gu gara” ozen eta harro oihukatzera.