Ibaiganetik egindako balizko eskaintza bat dago mahai gainean, Real Madrilek erosi berri duen Lucas Silva brasildarrak irteerako atea erakutsi ei lioke Mutrikukoari, Txingurri edo David Moyesen adierazpenak, Asierrek berak esandakoak… Azkenean gauzatuko balitz eta handik eta hemendik dabiltzan kopuruak egia balira, talde zurigorriak historia osoan egin duen erosketarik handiena litzateke, alde handiz.
Ezin ukatu epe laburrean Illarrak taldea sendotuko lukeela eta 24 urte besterik ez dituela, baina ustezko fitxaketa honek ertz gehiago ditu, eta horiek ere kontuan hartu behar dira operazioari ekiteko; horra gutxi batzuk: euskarri posturako ekarritako hirugarren jokalaria litzateke, ezin ahaztu Beñatengatik 10 milioi € eta Mikel Ricorengatik beste hiruzpalau ordaindu ditugula duela urte eta erdi. Bilbotik 300 kilometrotara dagoela postu berean jokatzen izan ohi duen Iñigo Ruiz de Galarreta erdilaria, nire uste apalean Lezamak azken hamarkadan eman duen jokalaririk onena. Illarraren etorrerak desorekatuko omen luke lehen taldeko jokalarien soldatak neurriratzeko Zuzendaritza egiten dabilen ahalegina. Iturraspek eta Mikel Ricok berak orain dela gutxi berritu dutela kontratua. Laburbilduz, ematen duena baino erabaki korapilatsuagoa dela.
Honaino ailegatuta, ez dakit Ilarrak mereziko duen dirutza hori, argi daukadana da Athleticek postura egin behar duela, zirt edo zart, eta nire aukera Iñigori bidea utziko ez liokeena dela. Beraz, Asier Illarramendi etortzekotan, lehenengo, merkeago beharko luke, bigarren, klubak duen soldata politikarekin bat egin beharko luke eta azkenik, Iñigo Ruiz de Galarretaren aldeko apustuarekin guztiz osagarria izan beharko litzateke. Bestela neure irudikoz gastutik gehiago edukiko luke, inbertsiotik baino.