Euren ibilieran munduko txapeldun, NBAko jokalari, Olinpiar jokoetako domina irabazle eta talde mailan guztia irabazitako jokalariek denetarako eskubidea izan dezakete, korrika egin gabe egoteko ere. Alex Mumbru, Raül Lopez, German Gabriel eta Roger Grimauren kasuan aldiz, eurak dira lehenak inplikazioan, nahiz eta taldeko beteranoak izan (lesionaturik dagoen Axel Hervelle belgikarrarekin batera; honek ere lan eskerga egiten du beti).
Atzo Bilbao Arenan partidu parekatua ikusi zuten han bildutako 7891 ikusleek. Murtzia 2-12 aurreratu zen markagailuan, arratsalde pasa etorri ez zirela erakutsiz. Rafa Pueyok ustartea eskatu ostean, taldea lasaitu eta lehen laurdenaren amaieran markagailua 17-20 zen.
Partiduak bere horretan jarraitu zuen hurrengo bi laurdenetan (atsedenaldian 39-39 eta hirugarren laurdenaren amaieran 58-57 markagailuan). Azkenego atalean aldiz, gauzak aldatu ziren. Murtziarren 2+1eko baten ostean, etxeko taldeak segidan lau hiruko sartuta (Lopezen bi, Gabrielen bat eta Mumbruren beste bat) partidua hautsi zuten. Aldea ondo kudeatu zuten beltzezko gizonek, 13 puntuko aldearekin partidua irabazteko.
Bilbotarren aldetik, azeri zaharrak nabarmendu ziren (denboraldi osoan bezala): Mumbruk 20 puntu eta 7 errebote lortu zituen, Gabrielek 19 puntu eta 12 errebote eta Lopezek 14 puntu eta 4 asistentzia. Aipatzekoak ere Damir Markotak lorturiko 10 puntuak.
UCAM Murcia taldean estatistika parekatuak lortu zituzten jokalari gehienek, Scott Wood 10 punturekin taldeko saskiratzaile nagusia izanda.
Ligak ez dauka etenik eta larunbat honetan arratsaldeko 20:30etan, Bilbao Basketek Laboral Kutxa Baskoniari egingo dio bisita.