Nahiz eta beste behin klubak bere hitza bete ez zuen, jokatzera aterako zirela esan zuen kapitainak ostiralean eta hitza bete zuten beltzezko gizonek (atzo zuriz jantzita). Inork gutxik espero ez zuena lortzeko zorian egon ziren Rafa Pueyorenek Buesa Arenan bildutako 8193 pertsonen aurrean.
Partidua bisitariek inposatutako erritmoan jokatu zen lehenengo zatian. Raül Lópezen gidaritza eta sartutako 10 hiruko jaurtiketei esker, Bilbao Basket atsedenaldira 13 puntu goitik joan zen (35-48).
Aldageletatik bueltan, partiduaren norakoa ez zen asko aldatu. Baskoniaren erreakzioa bakarkako jokaldietan etorri zen (San Emeterio 20 puntuekin talde arabarraren izarra izan zen atzokoan, Heurtekin batera. Frantziarrak 15 puntu sartu zituen). Bi taldeek akats asko egin zituzten eta Bilbao Basketek hirugarren laurdenaren amaieran 6 puntu goitik jarraitzen zuen (51-57).
Denboradi osoan bezala, azkenengo laurdenean nekea zen nagusi bilbotarren artean (Rafa Pueyok 8 jokalari bakarrik erabili zituen atzokoan; Hervellek beroketa ariketak egin zituen baina hurrengo partidura arte ez du jokatuko, bere lesiotik ez bait dago guztiz osatuta. Zoran Vrkic eta Fran Pilepicek ez zuten minutu bat ere ez jokatu, azkenaren kasuan bigarren partidua segidan kantzaratu barik). Laboral Kutxak 61na berdindu zuen partidua sei minuturen faltan. Berriz, jaurtiketetan egondako akatsak izan ziren protagonista partiduko azken minutura arte.
Azkenengo 60 segundu horietan epaileek hartutako bi erabakiek, balantza alde batera okertu zuten. Germán Gabriel izan zen protagonista bietan. Lehenengoan (72-70 markagailuan) Nocionik berari egindako falta egon zitekeela dirudi (txapela jarri baino lehen baliteke besotik helduta edukitzea) eta hurrengo jokaldian, Heurtelen sarreran, hegal pibotaren falta pitatu zuten, nahiz eta erasoko falta zirudien. Bilbotarren kexuen aurrean, epaileek teknika bat pitatu eta hor amaitu zen partidua.
18 puntu (5/7 hirukoetan) eta 7 errebote lortuta, Damir Markota kroaziarra izan zen beltzezko gizonen artean nabarmenduena.
Gaurtik aurrera gertatuko dena ez dakigu, baina egoera zein den ikusita, jokalari eta langileek harrotasun eta diuntasuna azpimarratzekoa da.