Zorioneko irletan, zorterik ez

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko mai. 19a, 20:56

Bilbao Basketek 96-85 galdu zuen partidu txar batean.

Bilbao Basketek atzo denboraldiko 21. porrota jaso zuen Tenerifen Iberostarren aurka. Denboraldi osoan zehar ikusi den moduan, etxetik kanpo beltzezko gizonak ez dira etxean bezain lehiakorrak. 

Bisitari moduan jokatu beharreko azken partidua ondo hasi zuten Rafa Pueyorenek, Mumbru eta Gabrielen puntuei esker. Baina Uriz (Bilbao Basketen jokalari ohia), Blanco eta Sikmak jaurtiketetan asmatu zuten, etxeko taldea aurretik jarriz.

Partiduaren gakoa bigarren laurdenean etorri zen. Partzialak nork menderatu zuen argi erakusten du: 28-13 irletakoen alde, atsedenaldira 17 puntuko aldearekin helduz (55-38).

Aldageletatik bueltan, martxa berean jarraitu zuen, eta etxeko taldeak 20 puntuko errenta lortu zuen hirugarren laurdenaren hasieran. Defentzako intentsitaterik ez zegoenez, hiruko festa ikusi zuten Santiago Marin Pabilioi Insularrean bildutako 3602 ikuslek. Erasoetan, aukera gutxitan, jokalariek saskira begiratzen zuten inolako konplexurik gabe.

Azkenengo laurdenean, beltzezko gizonak 2-13ko partzial batekin, 12 puntura hurbildu ziren, baina jada berandu zen markagailua iraultzeko. Tenerifek aldea kudeatu zuen eta partidua 11 puntugatik irabazi zuen, denboraldiko 13. garaipena lortuz.

Bilbao Basketen, Raul Lopezek 2 minutu eskas jokatu zituen, belauneko arazoak zirela medio. Nabarmenduenak Mumbru kapitaina (22 puntu, 6 asistentzia), Axel Hervelle (16 puntu, 7 errebote) eta Zoran Vrkic (16 puntu, 5 errebote) izan ziren. Azken honek, denboraldi osoan ez bezala, denbora luzez jokatu ostean, bere dohainak erakutsi zituen, entrenatzaileak urtean zehar berarengan izan ez zuen konfiantza eman ostean, hain zuzen.

Iberostar Tenerifen, jokalari onenak Carl Englsh, Daniel Kickert (13 puntu bakoitzak), Luke Sikma eta Saul Blanco (bakoitzak 12 puntu) izan ziren.

Denboraldiko azken partidua larunbatean izango da Miribillan, arratsaldeko 18:30ean Rio Natura Monbus talde galiziarraren kontra.

 

Argazkia: ACB Photo.