Rafa Pueyok ez du Bilbao Basketen jarraituko

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko eka. 12a, 13:00
Klubak azkenengo 13 urteetako lana eskertu dio Txurdinagako entrenatzaileari.

Gaur goizean klubak bere web atarian eskegitako komunikatuan, Rafa Pueyo entrenatzaileak taldean ez duela jarraituko argitaratu du. Bere kontratua ekainaren 30ean amaitzen zen.

Txus Vidorreta eta Fotis Katsikarisen laguntzaile izandakoa, lehen entrenatzaile izan da aurtengo denboraldian. Komunikatuan, taldeak bere historian izandako momentu gozoak aipatzen dira eta Pueyo horren parte izan dela azpimarratzen da.

Era berean, klubak entrenatzailearen lana, taldearekiko konpromisoa eta sakrifizioa eskertu dio eta zorte ona opatu dio bere hurrengo erronka profesionaletarako.

Gabriel ligako txapeldun eta Bertans Orlandoko uda ligara 

German Gabriel Venezuelako txapeldun bilakatu da Marinos de Anzoategui taldearekin. Hegal pibota bere jaioterrira klubak utzita joan zen bertako ligako finala jokatzeko.

Bestalde, Dairis Bertansek, taldearen baimenarekin, uztailaren 5etik 11ra Orlandon (AEB) jokatuko den Summer League-a jokatuko du Boston Celtics taldeak gonbidatuta. Talde berdearekin batera, Orlando Magic, Brooklyn Nets, Detroit Pistons, Houston Rockets, Indiana Pacers, Memphis Grizzlies, Miami Heat, Oklahoma City Thunder eta Philadelphia 76ers lehiatuko dira.

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga