Gotorlekua oldartua

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2014ko aza. 19a, 08:54

Nahiz eta esfortsu handia egin, Bilbao Basketek denboraldiko bigarren partidua galdu zuen (71-82).

Igande eguerdian Bilbao Arenan bildutako zaleek bere taldearen porrota ikusi zuten lehenengo aldiz denboraldi honetan. Gotorlekua oldartzen ausartu eta lortu zuen taldea CAI Zaragoza izan zen.

Beltzezko gizonak ez ziren kontzentraturik kantxaratu. Lehenengo hamar minutuen ostean markagailuak talde baten eta bestearen errendimendua argi eta garbi isladatzen zuen: 11-26. Zazpi egun lehenagoko gidoia errepikatzen zen.

Eta horrela izan zen; Gabriel, Lopez eta Mumbruren hirukoaz baliatuz, Sito Alonsorenek diferentzia txikitzea lortu zuten. Dena den, atsedenaldira kanpotarrak joan ziren aurretik (36-41).

Geratzen ziren hogei minutuak ez ziren aurrekoen antzerakoak izan. Partidu orekatuagoa ikusi zen. Bilbotarrak hirutan puntu batera jarri ziren baina ezin izan zuten markagailua irauli. Lehia irekia heltzen zen azkenengo laurdenera eta emozioak bere horretan jarraitzen zuen. Bi minuturen faltan, 71-72 hurbildu ziren beltzezko gizonak baina hor amaitu ziren indarrak. Azkenengo emaitzak agian gehiegizkoa dela esan genezake, baina egiari zor, kanpotarrek burua hotz izan zuten partiduko momentu beroenetan.

Lopez, Bertans eta Mumbru izan ziren Miribillakoen artean onenak 16, 14 eta 14 puntu lortuta hurrenez-hurren. Kapitaina berri iturri izan da igandetik hona. CAIren aurkako norgehiagoka bere 550. partidua izan zen ACB ligan eta hortaz, aktibo dauden jokalarien artean hirugarren jarri da Reyes eta Navarroren atzetik. Bigarren berria ez da hain pozgarria; hurrengo bi jardunaldietan ezin izango du jokatu bere oinetako batean duen lesioagatik. Ikusteke dago zelan moldatzen den Sito Alonso, katalana eta Axel Hervellen partehartze gabe.

Kanpotarren aldetik, Lisch, Goulding eta Tomás nabarmendu ziren, 20, 18 eta 14 punturekin.

Igandean eguerdiko 13:00etan (penintsulako ordua) Herbalife Kanaria Handiari egingo dio bisita.  

 

Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga