Bide onean jarraitzen du Bilbao Basketek. Aurreko astean Bartzelona menderatu ostean, igande eguerdian gauza bera egin zuen Valentziarekin denboraldiko hamabigarren garaipena lortzeko. Lan gogorra egin behar izan zuten Sito Alonsorenek Velimir Perasovien mutilen kontra, Bilbao Arenan jokaturiko lehenengo itzuliko azkenengo norgehiagokan.
Lehenengo laurdenean erasoko jokoa izan zen nagusi. Bi taldeek kontrako uztaila kupidarik gabe zulatu zuten. Kanpotarrek zazpi puntuko errenta izan zuten (17-24) baina bilbotarren erreakzioaren ostean, lehenengo hamar min utuak 29-27ko emaitzarekin bukatu ziren.
Bigarren laurdenean defentsak agertu ziren eta partidu hasieran izandako puntu emaria txikitu zen. Alex Mumbru eta Tobias Borg gidari 46-44 irabazten hartu zuten aldageletarako bidea. Suediarraren partidua kontun hartzekoa izan zen. Dejan Todorovic eta Danilo Andjusicek hiruna falta egin zituzten lehenengo bi laurdenetan eta 8 zenbakiak ez zuen bere aukera alferrik galdu. Minutuak pilatzen dituenean, hegalekoak bere dohaiak erakusten ditu, defentsan batez ere.
Atsedenaldiko arauzko hamabost minutuen ostean, Bilbao Basketek hiru minututan 13-2 partziala lortu zuten, hamahiru puntuko aldea lortzeko. Lehia erabakita zegoela zirudien arren, talde "taronjaren" erreakzioa iritsi zen. Perasovicek zonakako defentsa jarri zuen kantxan eta beltzezko gizonek ezin izan zuten defentsa horri aurre egin. Partzial bera lortuz, markagailua 59-46tik 61-59 izatera pasa zen. Hirugarren laurdenaren ostean 65-64 zen emaitza.
Norgehiagoka airean eta azkenengo hamar minutuak jokatzeke. Tentsioa nagusi pabilioain, bai kantxan, baita harmailetan ere. Markagailua estu zihoan laurden osoan baina bi minuturen faltan 78-71ko markagailuarekin partidua erabakita zegoela zirudien. Baina hirugarren laurdenean gertatu zen moduan, ez zen horrela izan. Izan ere nahiz eta beltzezko gizonek partidua izteko aukera anitz izan jaurtiketa libreen bitartez, kale egin zuten eta Valentzia azkenego segunduak arte lehian bizirik utzi zuten. Raul Lopezek lehenengo eta Quino Colomek gero 82-80ko azken emaitza jarri zuten markagailuan. Andorrako joko antolatzaileak estrategia eta abilezia erabili zuen bere azkenengo jaurtiketa librean. 1'3 segundu geratzen ziren partidua amaitzeko eta Valentziak partidua berdinduko zukeen azkenengo jaurtiketa bat ez izateko eta era berean geratzen zen denbora apur hori kontsumitzeko, baloia uztailera bota zuen. Gauzak horrela, Bilbao Arenan bildutako 8936 zaleek bere taldearen beste garaipen baten lekuko izan ziren.
Alex Mumbru (21 puntu), Tobias Borg (14 puntu), Quino Colom (12 puntu, 6 asistentzia), Raul Lopez (10 puntu) eta "Ty" Williams (6 puntu, 11 errebote) nabarmendu ziren Bilbao Basketen.
Valentziaren aldetik Sam Van Rossom (19 puntu), Vladimir Lucic (13 puntu) eta Romain Sato (12 puntu) izan ziren euren taldeko onenak.
Datorren igandean lehenengo itzuliko azken jardunaldian, Bilbao Basketek ligako liderra den Unicaja Malagari egingo dio bisita arratsaldeko 18:00etan (teledeporte).
Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga