Pasa den udan bizi izandakoa ikusita, inork gutxik espero zuen Bilbao Basketek bizirik irautea; behin jarraituta, taldea osorik egin ostean (7 jokalari eta entrenatzailea fitxatu ziren) txapelketaren erdian 12 garaipena edukitzea eta bostgarren egotea sailkapenean.
Gipuzkoa Basketen hiru denboraldietan, talde lehiakorra izatea lortu zuen nahiz eta izen handiko jokalaririk ez izan. Bere jokoaren ezaugarri nagusiak inplikazioa eta defentsa sendoa dira eta A-8aren beste aldean, (eta Badalonan lehenago) entrenatzaile madrildarrak talde sendoak eraiki zituen. Talde bilbotarraren egoera ikusita, entrenatzaile egokia zela ikusi zuten administrazio kontseilu berriko partaideek. 17 partiduen ostean erabakia egokia izan zela dirudi.
2013-2014 denboralditik bost jokalari bakarik geratzen dira: Alex Mumbru, Raul Lopez, Axel Hervelle, Dairis Bertans eta German Gabriel. Azkenengo honen egoera arraroa da. Sito Alonsok ez zuen jokalaria kontuan hartzen denboraldi hasieran eta, Roger Grimaurekin gertatu zen moduan, taldea 12 zenbakiaren kontratua bertan behera uzten saiatu zen, nahiz eta denboraldi baterako sinatu. Negoziaketen ostean, jokalaria Bilbon geratu zen. Beste lau jokalariek euren soldata jeitsi zuten.
Bost norgehiagoka bakarrik galduta, balantzea bikaina dela esan daiteke. Orokorrean, fitxaketak ederto egokitu dira euren talde berrira (Ethan Wragge eta Latavious Williams amerikarrak lesionatuta etorri ziren eta gehiago kostatu zitzaien arren, euren rolak argi dituzte taldean).
Nahiz eta denboraldiaren hasieran helburu zehatzik ez jarri, Kanaria Handian otsailaren 19tik 22ra jokatuko den Kopan sailkatzea lortu dute beltzezko gizoenk. Ekonomikoki egoera larria izaten jarraitzen dute. Carlos del Campo diruzianak azkenego Batzar Orokorrean beste babesle batzuekin negoziaketetan ari direla azaldu zuen, Wisekey-k ematen duen diruaren osagarri izateko. Baita banku batekin kreditu bat lortzeko eta hartzekodunekin akordioak lortzeko bidean daudela gehitu ere, zorrrak ahalik eta arinen kitatzeko.
Kantxetan orain arteko ibilibidea jarraitzea eta arlo ekonomikoko arazoak konpontzea espero dute "Miribilla efektua" osatzen duten zaleek. Uztaila eta abuztuan bizi izandako amets gaiztoa ez dute berriz bizi nahi.
Argazkia: Bilbao Basket