Denboraldia modu ezinhobean hasi du Bilbao Basketek ligako lehenengo lau partiduak irabazita eta gainera joko alaia erakutsiaz (batez ere Bartzelonaren aurkakoan). Zalegoaren portzentai oso txikiak pentsatuko luke horrelako hasiera ederra izango zutela "beltzezko gizonek" udan zehar izandako aldaketa mordoaren ostean. Baina aste honetan jokatutako norgehiagoketan gauzak ez dira hain ondo joan Duranen mutilentzat. Bi porrot beste hainbeste lehietan.
Asteazkenean Bilbao Basketek deboraldi honetako estreineko partidua jokatu zuen Eurocupen bigarren jardunaldian (gogoratu multzoak bost taldek osatzen dituztela eta, hortaz, jardunaldi bakoitzean batek atseden hartzen duela) Alba Berlinen aurka. Ligako azkenengo garaipenaren ostean, Europan gauzak ildo beretik jarriatzea espero zuen "marea beltzak" baina ez zen horrelakorik gertatu. Ez zen erritmorik egon etxekoen jokoan, lo atera ziren kantxara eta talde alemaniarrak hori ondo baino hobeto aprobetxatu zuen markagailuan aldea hartzeko. Saiatu ziren "beltzezko gizonak" hasierako akatsak zuzentzen baina berandu zen eta garaipena kanpotarrentzat izan zen. Eric (15 puntu, 9 errebote), Todorovic (12 puntu), Mumbru eta Bamforth (11na puntu) izan ziren onenak etxekoen artean. Hurrengo lehia Miribillan asteazken honetan Lietuvos Rytas talde lituaniararen aurka izango da (20:30, etb1).
Eta atzo porrot hori ahazteko asmoz, Andorrara joan zen Bilbao Basket. Partidu lehiatua izan zen eta ez zuen jabe argirik izan. Elektronikoa horren lekuko izan zen, aldaketa ugari izan zituela. 5-11 irabazten hasi zen Bilbao Basket, bana lehen laurdenaren amaieran 20-19 zen markagailua; 33-21 jarri ziren etxekoak baina atsedenaldira 43-39 joan ziren jokalariak aldageltara... Atera kontuak.
Estutasunak azkenengo momentura arte mantendu zen. Tabuk 81nako berdinketa ezarri zuen bukaerara heltzeko 25 segundu geratzen zirenean. Hor heldu zen partiduaren noranzkoa erabakiko zuen jokaldia: kirolez kontrako falta adierazi zioten Mumbruri. Bi jaurtiketa libre eta posesioa izan zuen Andorrak, eta beste falta baten ondorioz, beste bi jaurtiketa libre. Laurak sartu zituzten etxekoek eta ligan lehenengo porrota pairatu zuen Bilbao Basketek, 85-81.
Eric (14 puntu, 8 errebote), Mumbru eta Bamforth (13na puntu; amerikarrak 8 ereebote hartuta) izan ziren onenak "beltzezko gizonen artean. Burjanadze (16 puntu) eta Antetokounmpok (13 puntu, 6 errebote) ndorra garaipenera gidatu zuten.
Larunbatean arratsaldeko 18:30etan (telebistako kontuak direla eta lehia bi ordu aurrerratu da) Bilbao Basketek Teneriferen kontra jokatuko du Miribillan.
Argazkia: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga