Duintasunez bukatzera

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2020ko eka. 25a, 14:26

Herenegun Bartzelonaren aurka galdu ostean (73-85) "beltzezko gizonek" gaur 18:30etan jokatuko dute denboraldiko azken norgehiagoka Unicajaren aurka.

Bilbao Basketek agur esango dio 2019-2020 denboraldiari egiera berdinean dagoen Unicajaren aurkako lehia jokatuz (18:30). Hereneguneko norgehiagokan aurpegi ona erakutsi arren eta ia hogeita hamar minutuz Bartzelona ahalguztidunari aurre gin ostean (9 puntuko errenta izatera heldu ziren Mumbrurenek bigarren laurdenean) logika eta “blaugranen” fisikoa nagusitu ziren. Pesicek partidu bakoitzean lau jokalari 12ko deialditik kanpo itzi ahal ditu eta Mirotic izan zen horietako bat (luxua da hori egitea). “Beltzezko gizonak” Joventut eta Teberiferen aurka gertatu bezela barruan duten guztia kantxan laga zuten baina alferrik izan zen eta final erdietara zituzten aukera apurrak desagertu ziren.

Rouselle, Sulejmanovic (11na puntu; 5 asistentzia banatu zituen joko-antolatzaileak eta 5 errebote hartu hegal-pibotak) Lammers (10 puntu) Balvin eta Rodriguez (9na puntu; 7 erreboterekin hegalak) nabarmendu ziren “beltzezko gizonen” artean.

Bartzelonan Oriola (23 puntu, 9 errebote), Davies (14 puntu) eta Higgins (12 puntu) nabarmendu ziren.  

Valentziako egonaldia ez da oparoa izan “beltzeko gizonentzat”, ez partidu bakarra irabazi duelako orain arte, baizik eta bidean oztopo handiak topatu dituelako lesio moduan. Txapeleketa hasi baino lehen ezaguna zen Brown eta Kulbokak ez zutela jokatuko (hori izan zen Miguel Ruiz deialdian egotearen arrazoia) baina, gainera, Schreiner eta Sulejmanovic (gaur goizean eman dute aditzera bosniarraren egoera eta, hortaz, ez du gaur jokatzerik izango) ere lesionatu dira. Mumbruk 9 jokalariz osatutako errotazioa izango du arratsaldean Unicajari aurre egiteko. Gogoratu malagako taldean denboraldia beltzez hasi zuen Axel Bouteille dagoela.

Beste zailtasun bat denboraldiko azken berrogei minutuak jokatzeko baina, denboraldi osoan zehar erakutsi duten moduan, “beltzezko gizonek” duintasunez eta azken segundua arte borrokatuz bukatuko dutela 2019-2020 kurtsoa.

 
Argazkia: Bilbao Basket