Jeitsiera postuetarik kanpo, baina lasaitzeko arrazoirik ez

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2021ko mar. 13a, 16:09

Jenkinsen 28 puntuak, Balvinen saskiratze bat eta Hakansonek azken segunduan jarritako txapela baliatuz “beltezko gizonek” Betisen aurkako lehia estua irabazi zuten (86-84)

Lehia amaitzeko bost segundu inguru geratzen dira, bi puntu goitik eta aurkariak erasoan lehia irauli eta garaipena lortzeko baloia du. Zer da egokia? Faltarik gabe defendatu edo falta egin, jaurtiketa libreak behartu eta jabetza berreskuratzea? Hain urrun diruditen pandemia aurreko norgehiagoka batean Bilbao Arenan batez beste biltzen ziren “marea beltzaren” 8500 pertsonetako bakoitzari banan-banan galdetuta, erdiak aukera bat eta beste erdiak bestea aukeratuko luke (eta ezin ziurtatu egoera hurrengo lehia batean gertatuko balitz erantzuna berdina izatea). Igandeko hil ala biziko norgehiagokan falta egin barik defendatzea erabaki zuen Mumbruk eta joko antolatzaile suediarrak Randlene hiruko jaurtiketa oztopatu zuen, Bilbao Basket putzutik ateratzeko bigarren pausua ziurtatuz.

 

Bi taldeek asko zuten jokoan eta tentsioa nabaria zen. Horren lekuko lehia osoan zehar bai Mumbrurenek baita Plazarenek izandako gorabeherak, batzuek zein besteek ezin izan zutelako lortutako partzialak mantendu (bostpasei puntu goitik egin ziren bilbotarrak gero andaluziarrak errenta bera lortu zuten...) eta horregatik lehen azaldutako egoerara iritsi ziren. 18-18, 24-26 (42-44 atsedenaldian), 24-22 eta 20-18 (86-84).

 

John Jenkins izan zen bilbotarren izarretako bat, 28 puntu lortuta (horietatik 23 bigarren zatian). Aipatzekoak ere Brown (13 puntu), Hakanson (txapel erabakiorraz aparte, 9 puntu eta 6asistentzia) eta Balvinen (8 puntu azken saskiratzea barne, 11 errebote, 2 asistentzia eta 3 txapel) lana.

 

Betisen onenak Feldeine (21 puntu), Ndoye (18 puntu, 10 errebote) eta Borg ·”beltzezko gizon” ohia (11 puntu) izan ziren.

 

Jarraian bi garaipen lortu badituzte ere, ez dago lasaitzeko arrazoirik. Gipuzkoa Basket eta Betisen kontrako garaipenak sari bikoitza dute ez bakarrik beheko postuetatik aldentzeko balio dutelako (garaipen bateko aldea), baita “basket averagea” alde dutelako. Fase erregularra bukatuta, taldeen arteko berdinketak baleude hori hartzen da kontuan eta azken bi asteetako emaitzak ezinhobeak izan dira. Gauza bera gertazten da Estudiantesekin. Sailkapenean “beltzezko gizonak” eta madrildarrak 6na garaipenekin daude igandean euren arteko lehiari aurre egin baino lehen eta Miribillan jokaturiko joaneko norgehiagokan kanpotarrek puntu bategatik irabazi zuten. Putzutik ateratzeko hiru lehia segidan irabaztea nahitaezkoa zen; momentuz helburu honen bi herena lortu dute Mumbrurenek.

Argazkia:: Bilbao Basket/Aitor Arrizabalaga