Nahi eta ezin

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2021ko mar. 22a, 18:39

“Beltzezko gizonek” ezin izan zuten Dragic buru izan zuen Baskonia indartsuaren kontra irabazi (72-85)

Azken hiru jardunaldietan helburu bera duten taldeen aurka jokatu ostean, sailkapaeneko goiko postuetan sendo dabilen Baskonia izan zuen aurrean Bilbao Basketek eta, espero zen moduan, gasteiztarrek estuasun handirik gabe lortu zuten garaipena. Europan astean zehar jokatutako partidua markagailuari buelta eman ostean irabazi ondoren, kanpotarrek bolada onari jarraipena emateko aukera ederra ikusi eta aprobetxatu zuten atzokoan.


Mumbrurenek ez zuten lehia txarto hasi, Serronen zazpi puntu baliatuta markagailuan aurretik egotea lortuz, baina Ivanovicenek ez zuten ezustekorik nahi eta nahiko azkar hartu zuten norgehigokaren agindua, Dragic buru zutela (25 puntu, horietaik 21 lehenengo zatian). Bilbotarrak saiatu ziren aldea ahalik eta gehien murrizten (lau puntura hurbiltzeraino) baina momentu horretan indarrak bukatu zitzaizkien “beltzezko gizonei”, lehia bukatzeko hamabost minuturen faltan. Atsedenaldian hamar puntuko errenta zuten kanpotarrek eta momentu horretan lehia euren mesedeetarako apurtu zuten. Laurdenetako partzialak hurrengoak izan ziren: 19-20, 16-25 (35-45), 20-24 eta 17-16 (amaierako 72-85a).

Rousselle, Serron eta Balvin nabarmendu ziren “beltzezko gizonen” artean. Kapitainak 18 puntu lortu zituen, belgikarrak 10 eta pibot txekiarrak 9, 14 errebote eta 20ko balorazioa (taldeko onena).

Arestian aipatu moduan, Dragic izan zen 25 puntu lortuta Baskonia eta partiduko onena. 10na puntu lortuta, Vildoza eta Giedraitis ere nabarmendu ziren.


Sailkapenaren erdiko postuetan kokatuta dagoen Murtziari egingo diote bisita “beltzezko gizonek” datorren igandean arratsaldeko 20:00etan. Jarraian bi porrot pairatu ondoren, euskal derbian baino aukera gehiago izango dute Mumbrurenek garaipena lortu eta, berriro ere, putzutik burua ateratzen hasteko.

 

Argazkia: Bilbao Basket