Europatik kanpo barne akatsengatik

Erabiltzailearen aurpegia Asier Figueroa 2023ko mar. 24a, 23:34

Basketball Champions Leagueko abentura bukatu da “beltzezko gizonek” lehietan izandako aldeak kudeatzen jakin ez dutelako

Pasa den asteartean Bilbao Basketek garrantzirik ez zuen lehia jokatu zuen Murtziaren kontra, ez zuelako BCL-ko hurrengo faserako txartelik eskuratzeko aukerarik. Eta kanporatzea ez da izan “beltzezko gizonak” lehiatzeko aukerarik ez dutelako izan, nahiz eta multzoan Tenerife txapelduna, Sito Alonsok zuzendutako taldea eta aurrekontuz handiagoa den Darussafaka turkiarra izan.

Lehenengo itzulia etxean modu txukunean ekin zioten bilbotarrek talde turkiarrari irabazita baina beste bi lehiak etxetik kanpo galdu zituzten irudi oso kaxkarra emanda, Murtzian batez ere. Bigarren itzulian ordea egoera zeharo aldatzeko aukera izan zuten Ponsarnaurenek eta, seguruenik, final laurdenetan egongo lirateke.

Txus Vidorreta eta Marcelinho Huertasen Teneriferen aurkako lehia bukatzeko lau minutu eta erdiren faltan bideratua zuten “beltzezko gizonek”. Joko ona erakutsiz 12 puntuko aldea hartu zuten (joanekoan irlakoek lortutako abantaila; momentu batzuetan “basket averagea” ere bilbotarren aldekoa izan zen 13 puntuz irabazten joa ziren eta) baina azkenean partidua 2 puntugatik galdu zuten, 92-94. Garaipenarekin batera hurrengo faserako txartela bermatu zuten kanariarrek.

Porrotaren ostean ordea sailkatzeko aukerak handiak izaten jarraitzen zuten, egin beahrrekoa Istanbulen irabaztea zen. Eta lehenengo zatian oso ondo aritu ziren bilbotarrak atsedenaldira 8 puntuko abantaila lortuta. Baina aldageletatik bueltan etxekoen erreakzioa heldu zen eta markagailua irauli zuten. Azken laurdenena indarrak berdindu ziren eta lehia bukatzeko hiru minuren faltan elektronikoak 83-83koa erakusten zuen. Aurreko astean  gertatu bezela, gainbehera etorri zen eta turkiarren 12-2ko partziala lortuta lehia 95-85 irabazi zuten.  Hurrengo egunean Murtziak Tenerifen irabazi ostean Top (rako jokoan zegoen beste txartela lortu zuten azken jardunaldiko norgehiagoka interes gabekoa bihurtuz.

Dena den bilbotarrak aste honetako partidua irabazteko zorian egon ziren. Orekatua izan zen, puntu gitxikoa eta aldeak ez ziren oso handiak izan bata edo bestearen alde. Hogeita hamalaugarren mintuan “beltzeko gizonak” zazpi puntuz goitik ziren (57-50) eta lehia kontrolpean zutela zirudien eta txapelketa zapore on batekin agurtzeko bidean ziren. Baina hirugarrenez jarraian, ez zuten aldea kudeatu eta azkenean lau puntuz galdu zuten, 67-71.

Partiduak berrogei minutukoak dira eta kontzentrazioa mantentzea funtsezkoa da, hasi eta bukatu. Deskonekzio homek ez dira berriak, ACB ligan ere gauza bera gertatu izan da lehia batzuetan eta hau izan da Basketball Champions Leaguetik kanpo geratzeko arrazoi nagusia, gehiegizko konfiantza izatea eta lehiak ez iztea. Akatsek ikasbide moduan hartu behar dira eta ahal bada berriz ez errepikatzea komingarria litzateke. 

 

Argazkia: Bilbao Basket