Tra(d)izioa

Erabiltzailearen aurpegia Asier Robles 2017ko aza. 7a, 09:31

Aurreko larunbatean, Bilboko kaleak jendez bete ziren 155. artikuluaren aplikazioaren kontra protestatzeko. EH Bildu, ELA, LAB, CNT, ESK, STEILAS, HIRU, ETXALDE, EHNE eta Gure Esku Dago alderdi, sindikatu eta mugimendu sozialek deitu zuten manifestaziora, 155.aren kontra Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea lelopean. Arratsalde oso euritsua izan zen Bilbon, baina hala ere 40.000 pertsona inguruk hartu zuten parte manifestazioan.

Askok gure buruari galdetu genion ea non zegoen EAJ. Egun batzuk lehenago Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak alderdi jeltzalea ez zela manifestaziora batuko adierazi zuen, eragileen antolatzeko "moduekin" bat ez zetorrela esanez. Baina jokabide hau ez zen berria izan. Kataluniako prozesua hasi zenetik, EAJk distantziakidetasunez jokatu du, adostutako erreferendumaren alde dagoela eta espainiar Estatuaren jarreraren kontra dagoela adierazi duen arren. Beti jarri du zalantzan prozesua. Bitartekaria izan zen Puigdemontek PPren baldintzak onartzeko, independentzia ez aldarrikatzeko eta hauteskundeetara deitzeko.

Azken urteetan Kataluniak prozesu independentista martxan jarri, eta Espainiako Estatuari aurre egin dion bitartean, EAJ lakrikunkeriatan egon da Estatuarekin. Alde batetik, PPren gobernuaren giltzarria izan da,  Estatuko aurrekontuak eta PPren beste hainbat lege onartuz, zamaketako legea besteak beste. Eta beste alde batetik, 155. artikulua babestu duen PSOErekin, Eusko Jaurlaritza osatu zuen PPren baimenarekin. Eta gaurko testuingurua kontuan izan arren, ez ditu itun horiek zalantzan jartzen.

Argi dago EAJ oso eroso dagoela bere posizioan. Estatuak begi onez ikusten du EAJren postura, eta EAE bere cortijo-a izango balitz bezala gobernatzeko baimena ematen dio. Lehen CiU independentista ez zenean bezala. Denoi datorkigu gogora zer pasa zen Ibarretxek bere plana martxan jarri nahi izan zuenean. EAJ ez da berriro arriskatuko, ea horregatik bere gestio paregabearen mitoa kolokan jartzen den edota ustelkeria eta ate birakarien kasuak agertoki mediatikoan indarra hartzen duten.