Gizarte honek ezin die oinarrizko solidaritatea ukatu beharrizana dutenei

Erabiltzailearen aurpegia Bilboko Auzo Elkarteen Federazioa 2014ko abe. 16a, 08:47
Argazkia: Bilbaohiria.com

Auzo ireki eta solidarioago batzuen alde, oinarrizko eskubideen aurkako erasoen aurrean, eskubideen eta zerbitzu publikoen defentsa bazterketa sozialari aurre egiteko.

Alderdi Popularrak “Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta erregularizatzeko” bultzatutako sinadura bilketari buruz, Bilboko Auzo-Elkarteen Federaziotik honakoa adierazi nahi dugu:

a) “Laguntza justuagoak” plataformak abiatutako kanpainak gure auzoetako elkarbizitzari lagundu baino, herri honetako pertsona askoren diru-iturri bakarra ezabatzea du helburu, eta defendatzen dituzten argudioak aurreiritzietan eta Gasteizeko alkate Maroto jaunaren interes alderdikoietan oinarrituta daude.

b) Kanpaina honek premia egoera berean diren pertsonen artean istiluak eragiteko asmoa du, nahiz eta, gure ustez, bermatu beharko lukeen zerga-iruzurrari aurre egitea zein banka pribatu eta fortuna handiek legez kontra lortutako dirua itzultzea.

c) Ez da egia Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren gehiegizko erabilera orokorra egon denik, izan ere, laguntza hori jasotzeko baldintzak araututa daude, eta herritar guztiek betekizun berak bete behar dituzte hartzaile izateko. Bilboko Auzo Elkarteen Federazioan argi ikusten dugu Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren gaurko sistema hobetu beharra eta laguntza sozialerako bideak handitu beharra: gizarte honek ezin die oinarrizko solidaritatea ukatu beharrizana dutenei.

d) Kanpaina honek izaera insolidario agerikoa du eta premia egoera berean direnen kontrako balore arrazistak bultzatzen ditu, eta, hartara, baldintza sozial berekoen artean liskarrak sortu.

e) Gertaezin beharko luke alderdi politiko batek, gezurra eta iruzurra baliatuta, gizartea manipulatzea herri babesa irabazteko, horretarako, gizartea bera aurkari politikoen kontrako arma politikotzat erabilita.

f) Lotsagarria iruditzen zaigu Auzo Elkarte bateko buruak adierazpen xenofobo eta alderdikoi batzuk sinatu izana herritarren ordezkari gisa. Auzo horretan bada beste Auzo Elkarte bat (Atxurigorri) eta badira bestelako erakunde batzuk elkarbizitzaren eta bizikidetasunaren alde lanean ari direnak, eta argi adierazi dute ez daudela inola ere pertsona horrek esandakoarekin ados.