uriola.eus

Badatoz inauteriak

Erabiltzailearen aurpegia   Iritzia

Ikasten gaudenontzat hasi berri den bigarren seihilekoa, momentu batez pertsonaia famatu baten mozorro bat janzten dugularik, festa giroan ahazteko garaia da. Ez da erraza izaten mozorro aproposa aurkitzea; festari beste edozeri baino garrantzia gehiago ematen diogunok beti hautaketarekin zailtasunak izaten ditugu, beste urte bateko edo lagun batek utzitako trapu zaharren bat hautatu behar izaten dugu azkenengo momentuan, larunbat gaua erretzeko asmoz.

Badatoz inauteriak
Argazkia: Iñigo Azkona | Ikusi handiago | Argazki originala

Hala ere, egun horien ospakizunak eta festak alde batera utzita, une batez mozorroetara begirada zuzentzea gustatuko litzaidake. Hauen hautaketa buruhauste bat izateaz gain, beste pertsona baten soinean jartzeko bitartekoa dela esan dezakegu; horrela, egun batez denok Jack Sparrow, Pablo Escobar edo Batman izan gaitezke.

Bestalde, azterketa garaiak amaitu berri direnez eta hauen amaiera ospatzeko parranda pare bat egin ditudanetik, aipatutako mozorroekin zerikusi handia duen fenomeno batez ohartu naiz: gure egunerokotasunean ere, mozorroak erabiltzen ditugula. Hau da, ez da berdina urtarrilaren amaierako azterketetarako prestatzen ari den ikaslearen eta ostegun normal baten Kafe Antzokian goizeko lauretan erdi mozkor dabilen gaztearen jokabidea eta pentsaera. Egoeraren araberako mozorroa jantzi ohi dugu; ezagutu berri dugun pertsonen aurrean isil eta lotsati aurkezten garen bitartean, gure lagun eta senideen artean pertsona ireki eta berritsuaren itxura eman dezakegu. Argi dago jokaera aldatze horrek ere zentzu negatiboa izan dezakeela, azken finean, esaera zaharrak dioen bezala: “Kalean uso, etxean otso”.

Beraz, aipatu bezala uneak, lekuak eta egoera berak inkontzienteki desberdin jokatzera eraman gaitzake. Baina, zer aurkituko genuke maskarak eta trapu zaharrak kenduz gero? Esan al dezakegu oraindik ere, mozorroak soilik inauteri garaietan erabiltzen ditugula? 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa