Ba ote dago denontzako lekurik?

Erabiltzailearen aurpegia Axular Arostegi 2017ko mar. 14a, 09:42

araba.orain.eus

Badira gure gizartean horrenbeste aldiz entzun ostean jada gure egunerokotasuneko hizkuntzaren parte bihurtu ditugun hitz eta kontzeptuak. Horrela, errepikapenaren poderioz hitzek beren esanahia galdu dezakete; ohartu gabe, ziurtasun osoz zentzugabekeri bat esaten dugun bitartean.

Orain dela bi aste, hedabide guztietan agertu zen genero identitate aniztasunaren eta askatasunaren aurkako mezu sendo eta argia zeraman autobus bat. Handik egun gutxira, Madrilgo udaletxearen debekua jaso zuen, gorrotozko mezu bat adierazten zuela leporatuta. Nahiz eta istorioaren amaiera iruditu, 'Hazte oir' deituriko kanpaina ez zen hor gelditu eta mezua arrapaladan pixka bat moldatu ostean, mezuaren zabalkuntzarekin jarraitu zuten beste auto batekin. Antolatzaileen esanetan, prest daude ikuspegi hori Espainiako beste hirietara hedatzeko; baita Euskal Herrira ere. 

Albiste horrekin lotuta, hamaika manifestazio izan dira azken egun hauetan mezuaren egokitasuna dela eta. Telebistan, irratian eta beste hainbat komunikabideetan ohikoak bihurtu dira gaiaren inguruko eztabaidak; autobusak mezua zabaltzeko eskubidea duela diotenen eta ez duela diotenen artekoak. Mezuaren egokitasunaren eta zuzentasunaren gainetik, gure gizartean oinarrizkoa eta funtsezkoa dela esatea gustatzen zaigun gauza bat da zalantzan dagoena: adierazpen askatasuna.

Argi dago bere burua "demokratiko" moduan hartu nahi duen edozein herrialde eta gizartek oinarritzat izan behar duela eskubide hori. Komunitatean eta bakean bizikidetzeko, nahitaezkoa da ondokoaren uste eta iritziak onartzea; gureak onartuak izan daitezela nahi dugun bezala. 

Baina, askatasun horrek gizarte bereko beste talde baten existentziari uko egiten badio? Genero identitatearen aniztasuna mespretxatzen baldin badu mezu horrek?

Ezin da zure iritzia eta ikuspegia onartzea eskatzera behartu, besteen izaera eta libreki eginiko hautaketaren aukera bera ulertzen eta onartzen ez duzun bitartean.