Metanoia

Erabiltzailearen aurpegia Axular Arostegi 2017ko api. 26a, 09:27

Bi mila urte baino gehiago igaro dira kontzeptu hori greziarren eskutik sortua izan zela. Beraren bitartez, norberak beregan, bere pentsakeran aldaketa bat nabaritzeari egiten zioten erreferentzia. Beste era batera pentsarazteko unea. Inflexio puntu bat.

XXI. mendea. 2017ko apirilaren 21. Mendebaldeko gizartea

Historiako klaseetan, iraganeko edozein aro ikasterakoan, edozein guda, itun edo gertaera aztertzeaz gain, garai hartako gizartearen egoera eta testuingurua ikasi behar izan ditugu bide batez. Ez soilik gure jakinduria areagotzeko, baizik eta ikasi beharrekoa ulertu eta kronpenitzeko. Gertaeren zergatia argitzeko.

Horrela izanik, argi dago lehen mundu gerra osteko Alemanian, herritarrek jasan behar izandako egoera ekonomiko eta sozial penagarriak aipatuak izango ez balira, ezingo litzateke Hitlerren ideologia naziaren garaipena azaldu. Frantzian XVIII. mendean errege/erreginen eta aristokraziaren gehiegikeriak eta gero eta botere ekonomiko handiagoa biltzen zijoan burgesiaren botere politiko ezaz hitz egin gabe, ezin litzateke frantziako iraultza esplikatu.

Orainera itzulita, badira gure eremu politikoan kezka orokortua sortzen ari diren gaiak (edo gaia): Brexita, Frantzian eskuin-muturrak duen boterea, AEBko hauteskundeetan Trumpek lorturiko garaipena... Munduko herrialde desberdinetan, ugariak dira kezkak.

Mendebaldeko gizarteko hedabide orojakileei erreparatu izan dionak, bertako informazioa egi borobiltzat hartzen badu, kosta egingo zaio orientatzea. Izan ere, komunikabide gehienetan agerturiko informazioa abiapuntutzat hartuta, nork igerriko luke gaur egungo egoera politikoa?

Aipaturiko inkognita horiek aztertuz gero, zilegizkoa da pentsatzea: ba ote dute zerikusirik? Eta azalpenik?

Horrenbesteko iluntasunean zeozer ikusten hasi ahal izateko, luza dezagun begirada sarri asko ahaztutakoengan: herritarrak. 

Hainbat hamarkadaz luzaturiko mendebaldeko demokrazian, gero eta gehiago joan da areagotzen agintarien eta biztanleen arteko tartea; gizartean etorkizunarekiko ziurgabetasuna eta politikarekiko nazka biderkatuz. Krisiak harrapatu gintuenean, inoiz baino handiagoa egiten hasi zen tarte hori, sistema eta klase politikoaz fidatu ezin garenaren pentsamendua zabalduta.

Aipaturiko arazoek, gauza bat dute hamankomunean: azken urtetako historia politikoarekiko haustura. Berrikuntza somatzen da herritarren ikuspuntutik klase politikoaren artean; edo hobeto esanda, berrikuntza dakartenak dira herritarren begirunea lortzen ari direnak. Berrikuntza horrek mozorrotutako atzerapena dirudien arren, herriarengan eragitea lortu du. Urte askotan ereindako mesfidantza eta nazkak, gaurko egunean ematen ari dira fruituak; greziarrek orain dela milaka urte erabilitako metanoia edo inflexio puntua somatu daitekelarik.

Ikastolako historia klaseak berriro ere burura ekarrita, komenigarria izango litzateke gure ondorengoentzako historiako liburuak idazten hastea; lehen aipaturiko testuingurua bereziki ondo azaltzeko ahalegina eginda. Azken finean, gure belaunaldiaren duintasun historikoa mantendu ahal izateko, ezinbestekoa baitugu.