Ez zait inola ere erraza izan gaurko artikuluaren gaia hautatzea, jakina baita udatik bueltan kosta egiten dela berriz erritmoa hartzea. Hala, Kataluniaren inguruko zeozer idaztea otu zitzaidan. Baina nondik hasi? Izan ere, azken hilabeetetan hamaika berri jaso ditugu horren inguruan, sarri askotan edonor saturatzera ailegatu arte. Horrela, aurreko astean Puigdemonten hitzaldi famatua entzun ostean, saioa ikusten jarraitzea erabaki nuen gainerako alderdien ikuspegia jakiteko. Alderdi desberdineko bozeramaile nagusiak pasatzen joan ziren banan-banan, gutxi gorabehera espero zitekeen diskurtso bat eskainiz. Horien artean, bereziki nere begiek Xavier Garcia Albiolengana jo zuten, ez bere diskurtsoagatik (ez zuelako ezer berririk esan) eskainitako eragatik baizik. Espainiako batasunaren gaiak inoiz baino indar handiagoa zeukan bilkuran, alderdi kontserbadorearen ordezkari nagusiak, katalanez hasi zuen bere diskurtsoa.
Argi dago, katalana erabat normalizatua eta errotua dago Kataluniako gizartean. Urte asko iraun dituen prozesu baten ondoren, edozein herritar eta edozein alderdi politikok berezkotzat hartu du hizkuntza. Bestalde, ugariak izan dira Madriletik jasotako kritikak eta adoktrinaziotzat hartu dutenak; badira ere, normalizazio hori lehertu izan nahi izan dutenak.
Beraz, Albiolen jokaera abiapuntutzat hartuta, posible ote genuke egunen baten normalizazio hori Eusko Legebiltzarrean? Gogoan ditugu oraindik Idoia Mendiaren PSEk ateratako bideoa, Gorka Maneiroren “fascismo lingüístico”-a edota udara honetan leku guztietara hedatu diren Pedro Azpiazuren, EAJko kide eta Eusko Jaurlaritzaren Ogasun Saileko arduraduna denaren hitzak. Azken honen “desaze, desaze... desaceleración” famatu izatera ailegatu zen, whatsapp bitartez zabaltzen diren bromazko bideo izatera helduta. Bromak aparte, Euskal Autonomia Erkidegoko bozeramaile batek prentsaurreko batean testu bat irakurtzean gaztelaniara jo beharra, gaur egun instituzioetan euskeraren egoeraren isla da.
Ez litzake zilegizkoa izango gauetik egunerako aldaketa bat eskatzea politikariei, are gutxiago gizarteari. Hizkuntza baten normalizazio prozesuak ez dira inoiz azkarrak izaten, ezta beharrik ere; baina ez da gehiegi luzatu behar ere. Hainbat urte daramatza euskarak stand by puntuan, hau da, hizkuntza ezagutzen duen jende kopurua handituz dihoa, euskaraz mintzatzen den jende kopurua mantentzen (edo jaisten) dihoan bitartean. Horregatik, euskararen instituzionalitatearen eta gure erakundeetako goi karguen euskararen ezagutzaren garrantzia eta beharra azpimarratzea da nahitaezkoa.