Anekdota hutsa (?)

Erabiltzailearen aurpegia Axular Arostegi 2017ko abe. 28a, 09:57

Unai Iturriaga 2009.urteko finalean

Aste bat baino gehiago pasa da Euskal Herriko bertsolari txapelketako finala Barakaldon jokatu zenetik. Ordutik, hainbat eta hainbat hedabideetan agertu izan dira bertsoaren eta bertsolarien inguruko hamaika albiste.

Ez ditut hitz hauek txapelketaren inguruko laburpen edo gogoeta bat egiteko erabiliko; ez baitut horretarako adina denbora, gaitasun edo ezagutzik. Hala ere, irailetik abendura bitarte izandako bertsosaio guztien ostean, denon barruan ahaztu ezinda geratuko diren aleak izan dira, Julio Sotoren bihotzaren zerraila, Beñat Gaztelumendiren alkoholaren usainarekiko haur txikiaren gorrotoa edota leku guztietara ailegatu den Maialen Lujanbioren inon ez egon nahia.

Ikusgarriak egiten zaizkigu BECeko irudiak. Miresgarria da nola irits litekeen bertsoa bezalako kultur jarduera bat, horrenbesteko jendetza mugitzera. Bertsoa zer den ez dakien edozeini, egoera kanpotik aztertuko balu, zail egingo litzaioke sinistea. Hala ere, kultur jarduera albo batera utzita, hizkuntza baten indarraren erakusle izan zen pasa den abenduaren 17koa. Tamalez, gizartea ez da BECen amaitzen; hain zuzen ere, Lujanbiok berak areto hartako barne eta kanpoko errealitate kontrajarriei keinu egin zien hasierako agurrean.

9 egun pasa ostean, BECeko ormigoipeko fokoa 4 urtezberriz itzali denean, zilegizkoa  litzateke gure buruari galdetzea: euskeraren egoera zerbait aldatu da? Plazetako bertsolaritza indarberritu al da? 

Horregatik, etsipenean oinarritutako mezu bat bidali nahi gabe, azpimarratu nahiko nuke esperantzarako tartea badela; baina, baita erne egotekoa ere. Indarra, indar handiaren seinale izan zen aurreko igandekoa, baina egungo txapeldunaren hitzak gogora ekarrita… “zer eman du euskalduntzeak, ez behar beste guretzat”. Bada garaia beraz, behar beste emateko, BECeko egoera idiliko eta anekdotiko horri ateak zabaltzeko. Anekdotak, anekdota izateari uzteko.

 

“Xalbadorrentzat osotasun bat
ziren herria ta hizkuntza
nik horren baitan ulertzen ditut
bertsoa eta sorkuntza.
Txapelketatik harago dago
kultur jardunaren funtsa
hizkuntza ez baita kanpaina baten
aurkezpen osteko luncha
herria ez baita lau urterik behin
zabaltzen den boto kutxa.
Norbanakoa da zuntza
sarea antolakuntza.
Beraz egun on Euskal Herria
bultza gogor! gogor bultza!
Bihar goizean gaurkoa ez dadin
izan anekdota hutsa”

 

Unai Iturriaga, 2009ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko Finala