Ez dakit on edo kalte egin didaten Aste Santuko oporrek; gauza bat aldiz ziurra da, amaitu egin direla. Gustura asko hartu nituen. Urtezaharrean bezala, milaka helbururekin hasi nituen, hainbat gauza egiteko adina denbora edukiko nuenaren esperoan: parranda pixka bat, klaseko lanak aurreratu... Bada, errutinara itzultzeko garaia heldu da eta ez dut egindakoaren balorazio beharrik, helburuak fikzio izaten jarraitzen dutela jakiteko.
Berriro heldu zaigu errutina lagunarekin egun bat bestearen ostean igarotzea. Hurrengo eguneko zereginen araberako ordutegia eramatea. Ohetik altxatu aurretik, egun horretan egingo dugun dena antolatzea.
Medikuek gaixoak eguneko ordu desberdinetan tratatzen dituzten bezala, gure eguna egin beharreko zereginen segida baten moduan hartzen dugu. Aldez aurretik neurtuta daukagu egun bakoitzeko tarte txikiena ere. Eginbeharrez osatzen ditugu egunak, egiten ari garen beharrari garrantzia gehiago ematen diogularik. Egiten dugun ekintza bakoitza egun bakoitzeko zehazten ditugun helburu horiek burutzeko garraioa da.
Kanpoan ikasten dugunok aste guztietako beste egiteko bat dugu igandetako autobusa. Asteburua etxean pasa ondoren, ikasten dugun tokira itzultzeko unea. Aste guztien errutinaren beste pasarte bat izaki, asteburuko lasaitasuna eta astean zeharreko beharra lotzen dituen bitartekotzat hartzen dugu ordu bete pasatxoko tarte hori.
Gaur, astero hartu beharreko autobus horren bidean nenbilela, konturatu naiz autobusera igo aurretik, jada Donostian egin beharrekoetan pentsatzen ari nintzela. Ohartzerako, inertziaz, igande arratsaldea izanda, astean zehar egingo dudana nuen buruan.
Momentu horretan, erabaki dut une batez bada ere, den dena planifikatzeko joera horri uko egitea. Zereginei, aurre egin beharreko momentuan aurre egitea. Behingoagatik bidaiaz gozatzea. Norberak, nor bere izatea.