Zirkuitu eta zirrikituak

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2015ko urr. 9a, 11:25

“Beeeeeegoooooooooñaaaaaaa”. Horrela, hitzak luzatuz eta errepikatuz, irakasten zaio hitz egiten ume bati. Chomskyk behin jaiotzatiko hizkuntzarako gaitasuna genuela esan zuen; hitz egiten entzunez eta saiatuz ikasten genuela, gurez. Baina nola irakatsi hitz egiten 0ak eta 1ak baino ulertzen ez dituen tresna bati? Ez da, ez, horren prozesu naturala.

Bada, horretan dihardut nik: ordenagailuari euskara ulertarazten. Behingoz uraren kontagailuaren irakurketa telefonoz esatean “ez dizut ulertu; errepikatu, mesedez” berriro ez entzuteko, itzultzaileak “que la fuerza te acompañe”, “maiatzaren indarra zurekin egon” esanez gehiago ez itzultzeko (benetan, probatu gugel-en), Moroak gara laino artean moduko obra mardulen laburpena segundo batzuen buruan lortzeko eta Egañari bertsotan irabaziko dion bertso-errobota sortzeko.

Bai, egingarria da eta dirudienez gure bizitza errazteko bidean ari gara lanean. Ordenagailuei hitz egiteko ahalmena emateak, ordea, ez ote gaitu arriskuan jarriko? Blade Runnereko erreplikanteei nola egingo diegu aurre? Datozen hilabeteetan ezagutuko ditugu mundu honen zirkuitu eta zirrikituak, ergatibotik XMLra.