Bai, tesiak estresa sortzen du. Ez idatzi behar delako, epeak daudelako baizik. ‘Bolonia’ sartu zenetik zurrunagoak. Badirudi epeak direla eta, modu apur bat antinaturalean moztu behar duzula ikerketa eta hor zaude zalantzan “esperimentu hau sartuko dut ala ez dut denborarik izango?”.
Ulertzen dut ezin izango garela beti bekadun izango, baina gizarteak ere onartu beharko du hiru urtean egindako tesiak ez direla lehengoak bezain mardul eta sakonak izango. Eta hor dator arazoa: beldur naiz, Boloniako lehen promozioetakoa izanik, tribunalak txipa aldatu gabe izango duen.
Beraz, aurretiaz aprobetxatuko dut tesiko eskerren zati bat idazteko: “Eskerrik asko hurbileko guztiei popatik hartzera bidali zaituztedanean joan ez zaretelako; eskerrik asko Pintxopote Buru Batzar eta konpainiari ostegunetako terapiagatik; eskerrik asko Iparraldera joateko plana egin duzuenoi, han ez baitago emailik jasotzeko koberturarik; eta eskerrik asko, irakurle, inoiz nire tesia irakurtzeko saiakera egiteagatik”.