Aurrekoa astean, ordea, Turkiara joan nintzen nire lanaren zati bat aurkeztera, Konyara hain zuzen ere, derbitxeen hirira. Turkia sakona, denborak kurba arraroak egiten dituen lekua. Orain dela 1700 urte egindako kobazuloak oraindik ere erabiltzen dira, autobidetik asfaltatu gabeko bideak ateratzen dira herrietara eta denborak luzeago ematen du orokorrean ia garagardorik ez dagoen hirian.
Kongresuetan ere denbora norbanakoaren araberakoa da: hau da, aurkezle guztiek dute euren lana aurkezteko denbora bera, kronometroak emanda, gainera; baina batzuek arbitro horri muzin egin eta minutu bat bost minutu bihur ditzakete. Eta minutu horiek oso luzeak izan daitezke ozta-ozta ingelesez hitz egiten duen emakume batek errusieraz parafraseatutako esaldien corpus bati buruz hitz egiten badu. Nik emandako denbora baino gutxiagoan aurkezten saiatzen jarraituko dut: zenbat eta esaldi zehatzagoak, orduan eta zalantzarako aukera gutxiago, baita galdera aldrebes gutxiago ere.
Amaitzeko: derbitxeen erritualak irauten duen orduan, erlojuak baino gizon bizardun batzuek baino ez dutela bueltarik ematen dirudi, baina kanpoan biziak aurrera jarraitu du eta zuk bueltatuko ez den ordu bat galdu duzu. Nahiago sare neuronalei buruzko hamaikagarren aurkezpena entzun.