Ozen

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2016ko eka. 30a, 08:51

Tik-tak, tik-tak, tik-tak, denbora aurrera doa eta unea hurbiltzen ari da. Batzuk sumatuko zenuten aldaketaren bat inguruan, baina ez dakizue nondik datorren erauntsia. Burrunba gero eta ozenago entzuten duzue, ziur.

Gazte talde baten eskutik dator harrabotsa. Izan ere, bazen garaia berriro gazteok indarrak hartu eta Deustuk euskaraz berriro gainezka egiteko. Eta zertarako? Ahalik eta jende gehien euskaraz ozen hitz egiten entzuteko.

Ekain honetan aurkeztu da Ozen gazte euskara taldea, Deustualdeko gazte euskaldunentzat euskarazko topaguneak eta aisialdi ekintzak eskaintzeko. Agian enbataren asuntuarekin esajeratu dut, agian borondatea baino ez dugu promes egindako tsunamia bezain handia.

Horregatik indarrak batzera gonbidatu nahi zaituztegu zuen ahots gazte eta gozoak euskaraz eta ozen erabiltzera. Denon artean Deustu euskararen oasi bihurtuko dugu, euskara dakien orok nahibeste edan dezan. Edozer izan daiteke oasiko tanta: hitzaldi bat, txango bat, museoari bisita bat, pajaritadun afari bat.

Zuen ahotsen eta ideien egarri gara, gazteak! Hurbildu beldurrik gabe gugana, Deustualdean euskaraz ozen hitz egiten dugun horiek gara. Agian pajarita jantzita, pajaritadun afarirako. Egingo dizuegu tokia mahaian.