Uda heldu zaigu, harekin batera askok oporrak izango ditugu eta tarte hori familia eta lagunekin pasatzeko asmoa izango dugu askok eta askok. Bestela esan, quality timea izateko. Oporrak, ordea, beti dira nahi baino laburragoak, urtean zehar egin ez ditugun gauzak egiteko aprobetxatzen baititugu. Egongo al gara geldi? Utziko al ditugu herrietako jaiak, bidaia luzeak eta brikolaje lanak alde batera? Ez dakit ez ote garen oporretan gehiago nekatzen.
Ez diogu gauzak egiteari utziko, ez, baina atsotitzak esaten duen moduan: gogoko tokian, aldaparik ez; eta plazerez egiten den “lan” hori ez da beharrizanagatik egindakoa bezain nekeza. Hor datza ezberdintasuna. Hori da quality timea.
Oporrik ez baduzue ere, nire zutabe xume hau hemen amaituko da eta hilabetean bost minutu gehiago izango duzue zuentzat. Batzuetan lanak izan baditut ere ideiak aurkitzen eta pantailan jartzen, ondo idatzitako lerroak argitaratuta ikusteak poztasuna eman dit. Baita nire aitak destrangis Prest! aldizkari atzeratu bat etxera ekartzen ikusteak ere. Espero dut zuetako batentzat bederen nire zutabea irakurtzea gozamena izan izana, behin izan ez bada ere. Niretzat plazera izan da literatura ariketa txiki hau egitea, dena ez baita abstract, related work, experimentation and conclusions. Uda ona izan, irakurle maiteak!