Jakingo zenuten dagoeneko abenduaren 24an neguko solstizioa ospatuko dela Deustuan. Oso ekitaldi polita da; Olentzero pasatzen da auzotik eta gabon kantak abesten dira... Geldi hor! Gabon kantak? Ez al da ba solstizioa ospatzen?
Esan gabe doa ni solstizioa zein gabonak ospatzearen alde nagoela; bakoitzak ospa dezala bere sinesmenen arabera, izan Jesusen jaiotza, izan lurraren "berpizkundea". Biak zilegi dira eta biak ospa daitezke Deustuan. Baina bat ospatuko badugu, ospa dezagun fundamentuz.
Bada, neguko solstizioa ospatuko badugu, Olentzero solstizioaren mezulari bihurtu beharko dugu: urte berria (egunak luzatzen hasten diren egunetik neurtutakoa) ospatzeko opariak ekartzen dituen ikazkina. Ados. Eta gero, eta Deustuko kalerik kalekoan garrantzitsuena iruditzen zaidana, solstizio kantak abestu beharko ditugu.
Bai, solstizioak solstizio kantak merezi ditu. Behar ditu. Koherentziaren izenean bederen. Hori konpontzeko hainbat gauza egin ditzakegu: i) kanta berriak sor ditzakegu, ii) tradizioko abestiak berpiztu ditzakegu edo iii) gabon kantak molda ditzakegu. Hirugarren aukerarekin pare bat saiakera egin dut eta ez zaizkit oso txarto geratu. Alde batetik "Hator, hator" abestian "solstiziooooooa ospatutzeeeeeeeko" abes dezakegu. Bestetik, Olentzeroren abestian "aditu dueneeeeeeeean solstizioa delaaaaaaaa" abestuta arazoa konponduko dugu. Jesusen jaiotzari buruzko erreferentzia gehiago duten abestiak moldatzea zailagoa da, baina erronka onartzeko prest nago ni.
Dena den, gustatuko litzaidake jakitea norbaitek neguko solstizioari zuzenean erreferentzia egiten dion abestirik ezagutzen duen. Iruzkinetan honi buruz dakizuena elkarbanatzera gonbidatu nahi zaituztet. Gure kulturaren alde hau hobeto ezagutzea beti da polita.
Neguko solstizio edo neguburu esatea beste eztabaida bat da. Abestiak moldatzean hiru edo lau silaba behar izanez gero bata edo bestea erabiltzea proposatzen dut nik.