Bilbotik: Festa

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2017ko api. 11a, 09:10

Azken aldi honetan hainbat jaitan izan naiz eta guztietan zer jai eredu nahi dugun pentsatu dut.

Isilik egon naiz kanal honetatik azken asteetan betebehar asko izan ditudalako, bai lanekoak, bai sozialak. Bigarrenek eraman naute artikulu hau idaztera. Izatez, banuen inauterietatik zutabe hau idazteko asmoa, baina gero Deustuko jaiak heldu ziren, lagun batzuen ezkontza... eta laster Basque Fest delako hori hasiko da Bilbon.

Inauterietan Plaza Berriko "erromeriara" joan nintzen lagunekin. Normalean ez naiz musika ekitaldietara koadrilakoekin joaten musika desberdina gustatzen zaigulako, baina urtean behin amore ematen dut (inauterietan hain zuzen ere) eta "Orquesta Maravillas" estiloko bat entzutera joaten gara. Abesti bat ere ez euskaraz. Bat ere ez. Eta gainera, Las chicas son guerreras abesten zuten bitartean, abeslarietako batek esan zuen "soy la unica vasca del grupo y siempre les digo que las vascas somos guerreras, ¡que se note!". Badakit ekitaldi gehiago dagoela inauterietan, baina hori al da inauterietan gazte gehienak batzen dituen ekintzan sustatu nahi ditugun balioak? Erdalduntasuna eta emakume=gerlari bikotea? 

Gero Deustuko jaiak heldu ziren eta guztiz kontrakoa izan zen panorama. Egitarau ofizialaren aniztasuna benetan txalogarria da. Niri ez zait rapa gustatzen eta benetan nahiko nuke horren ordez beste gauza bat egongo balitz, baina lagunekin bezala, auzoko beste batzuekin ere amore ematen dut Deustuko jaietako gau batean eta rapaz gozatzen uzten diet. Eskerrak erromeria eta rocka ere dauden!

Deustuko jaietan ezkontza batera gonbidatu ninduten. Zein deustuarri bururatu dakioke Deustuko jaietan ezkontzea! Eta ezkontza askotan bezala, kafe ostean DJ batek musika jarri zuen. Tira, musika jarri eta "¡Que guapa está la novia!" aspertu arte errepikatu zuen, ezkonberriak edertasuna soilik balu bezala. Eta musika aukeraketa orokorrean ondo egon bazen ere, nahiko gustu txarreko abesti "zerri"ren bat ere jarri zuen nire eta nire lagunen harridurarako. Zerbait ondo egiten ari gara dantzatzen duenaren duintasuna deuseztatzen duten (mutilentzat soilik zen) abestiak lekuz kanpokoak iruditzen bazaizkigu.

Azkenik, Aste Santuarekin Bilbon Basque Fest ospatuko da. Antolatzaileen arabera, garai honetan hiria hustu egiten da eta jendea erakartzeko folklore jaialdi bat antolatu dute. Baina nor erakarri nahi dute, hiritarrak ala turistak? Turistak esango nuke. Eta nola erakartzen dituzte turistak, kalitatezko kultura eskaintza baten bidez ala clichéz betetako folklorearen bidez? Egitarauaren zati bat kalitatezko kulturaren atalean sar badaiteke ere, ez dakit horiek izango diren ekintzarik jendetsuenak, turistak ekintza gastronomikoetan (hau da, euskal kultura pintxo janaren bidez goratzen) errazago imajinatzen baititut.

Agian nire pertzepzioa okerra edo beste irakurleenarenarengandik urrunekoa da. Ordea, ekitaldi masiboetan, jende kopuru handiengan eragina izateko aukera dugunean, zein balio sustatu nahi ditugun hausnartzea berebizikoa dela iruditzen zait. Norbanakoen eta herri mugimenduen lanaz gain, gainera, instituzioen inplikazioa ezinbestekoa da gizarte helduagoa lortzeko bidean. Zer egin behar du udalak horretarako?

(Artikulurako irudia ondoko helbidetik hartu dut: http://ccaa.elpais.com/ccaa/2014/08/16/galicia/1408214076_905652.html)