Deustutik Arangoitira: euskara aldapan behera

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2017ko mai. 25a, 09:23

Deustutik Arangoitirako igogailua konpontzeko hamar egun behar izatea eskandaluzkoa iruditzen zaigu, baina izorratuta esateko kartela idatzi zuenak berrogei urtean euskaraz zuzen idazten ikasi ez izana bati baino gehiagori konturatu gabe pasa zaio.

Hala da, bai, udalak jarritako iragarkia euskaraz txarto idatzita dago. "Igogailua zerbitzuz kanpo datorren astelehenarte". Eta, hala! lasai asko geratzen da idatzi duena, udaleko euskara teknikaria eta bilbotar arrunta (azken hau gaztelaniazko mezura zuzenean doalako apika).

Kasu hauetan ohikoa da entzutea "agian nagusitan ikasi zuen", "tira, baina ulertzen da, ez?", "badator purista bere purismoekin" edota antzekoak edota aurreko guztiak diskurtso berean. Nire erantzuna horrelakoetan izaten da: "aizu, Bilboko udalaren zigilua darama; udalaren zer irudi ematen du horrek?". Eta azkeneko arrapostua (ni horrako amore emanda egoten naizenez): "neska, ez da hainbesterako!". 

Zer gertatuko litzateke gaztelaniaz txarto idatzita balego? Gutxienez sare sozialetan bolo-bolo ibiliko litzateke, udalaren itxura kaltetuko litzateke eta norbaitek errieta jasoko luke gauzak edonola egiteagatik. Espero, bederen. Baina, ez, euskararekin onberegi jokatu behar dugu eta gainera idatzi duenak nahikoa ahalegin egin duela aitortu.

Horrek gauza batzuk agerian uzten ditu:

1Berrogei urtean euskaldunak euskalduntzeko ahaleginek ez dutela beharbeste efektu izan. Berrogei urte gau eskolak, euskaltegiak, euskarazko irakaskuntza... (literatura eta aldizkari eta egunkariez gain) guztion eskura jarrita, legalki, mila formatutan eta ia doan kasu batzuetan eta ez dugu Euskal Herria euskaldundu. Berrogei urte eta oraindik ere euskaldunok kartelak gaizki irakurtzen jarraitu behar dugu.

2Antza euskarak ez du gaztelaniak merezi duen errespeturik. Ziur nago kartela idatzi duenak gaztelaniaz zalantza izan balu, ondokoari galdetuko ziola estilo "¿servicio es con b o con v?". Zergatik, gaztelaniaz txukun idatzi behar delako. Euskaraz, ordea, badirudi akatsak barkatzen direnez, alperrikakoa dela zuzentasuna bilatzea. 

3Euskaldunok gutxiegi kexatzen gara. Eta kexatzen bagara ere, erdi onartuta dugu vox clamantis in deserto (gaur egun twitter) izango garela. Zalantzarik gabe, gure hizkuntza eskubideak oraindik ere trasferitzeke ditugun konpetentziak dira eta ez dirudi boterean daudenek trasferitzeko presarik dutenik.

Espero artikulu xume hau Bilboko Udaleko norbaitek irakurtzea, ahal izanez gero paisaia linguistikoaz arduratzen den horrek. Ni bitartean boligrafo gorri bat eskuan akatsak zuzentzen hasiko naiz, eta horrela a) ikasten ari direnek adibide zuzenak izango dituzte, b) agian norbaiten kontzientzia esnatuko dut eta c) errespetu gabeko horiek lotsarazten saiatuko naiz (errespetu gabekoak lotsaraztea lan titanikoa bada ere). Pare bat boligrafo sobera ditut etxean, norbaitek bat uztea nahi al du?