Ezagutzen nauzuenok hitz egin hemen idazten dudan bezala hitz egiten dudala jakingo duzue. Besteok imajina ezazue. Izan ere (hau ez dut ahozkoan esaten, lasai), nire amak gaztetan ikasi zuen euskara eta aitak ere familiako euskararen arrasto gutxi ditu, gainera, guraso biak irakaskuntzan ibilita, euskara batuan komunikatu dira euren bizitzaren tarte handi batean. Eta ondorioz, nik euskara batua ikasi dut. Bizkaieraz zipriztindua, noski, baina euskara batua. Euskara batua dudan euskara bakarra dela esan daiteke. Badakit ez naizela bakarra.
Horregatik guztiagatik euskara batuak eskolatik kanpo ez duela balio entzuten dudan bakoitzean aurpegi arraroa jartzen dut; niri balio dit. Niri eta beste askori. Izan batu hiztunak direlako, izan euren herriko hizkera entzuleei zail egin eta aldatzen dutelako. Bigarren egoera horri heldu nahi diot batuaren garrantzia azpimarratzeko. Gure aitak esaten duen bezala, susedido bat kontatuko dizuet.
Orain dela pare bat aste Maulegainako jaietara joan nintzen lagun batzuekin, gipuzkoarrak eurak, nahiko gipuzkera estandardunak. Imajinatu egoera: gu barra parean, zuberotar mordoaren begiradapean gure exotikotasuna kausa, eta bat batean Nicolas hurbildu zitzaigun, rugby jokalaria ziur eta euskalduna izanik ere, euskara gutxi erabiltzen zuela zirudiena. Gipuzkoar batekin hasi zen hitz egiten eta jariotasuna ez beste guztia ikus zitekeen hor. Nik gipuzkoarra oso entrenatua nuen; heldu ginenean gogoratu nion "ahalik eta batuen hitz egin eta 'Iparraldeko hitza' badakizu, hori erabili". Beraz, gure aldetik prest geunden.
Desesperazioaren desesperazioz, ordea, Nicolasekin hitz egiteko lekukoa niri pasa zidaten, hizkuntzalaria naizelako edo. Jariotasuna 0tik 1era edo igo zen. Ni, Franck Dolosor, Niko Etxart eta Iparraldeko erreferente guztiak eta dialektologia eskolak buruan, ahalik eta zuberotarren hitz egiten saiatu nintzen. Eta Nicolas poztu zen. Hainbeste poztu zen, ezen esan baitzuen hobeto ulertzen zuela bizkaitarra gipuzkoarra baino. Nicolasek euskara batua ikasteko aukera izan balu...!
Horrelako egoeretan bihurtzen gara kontziente Euskal Herri osorako erreferenteak izateko garrantziaz: telebista, eskola sistema, musika... Dena den, Nicolasekin izan genuen elkarrizketak (ordu erdia edo) utzi zigun zapore gazi-gozoa kentzeko Baionan ikasi zuen neska batekin hitz egin genuen. Horrela bai! Horrela jario handiz mintzatu ginen guztiak. Batuak batzen gintuelako.
Ez dut artikulu honekin inoren hizkerarik gaitzetsi nahi ezta euskalkiak esparru publikotik atera nahi. Batua gaitzesten duten horien kontzientzia astindu nahi dut eta esan nahi diet euren euskalkian ez direla beti ulergarriak izango, baina lasai egoteko batuan ere nahi duten guztia adierazi ahal izango dutela. Edo "batuago" hitz eginda, bederen.
Amaitzeko, topikazo bat, baina egia dena: euskararik politena eta baliagarriena eta dotoreena eta abar hitz egiten dena da. Beraz, egin dezagun guztiok euskararen alde gure entzuleekiko egokituz. Hala ez dugu ez frantsesaren ez gaztelaniaren beharrik izango.