Bilbon: "Se me enamora el alma"

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2017ko urr. 30a, 23:49

Nork esango zidan niri inoiz Isabel Pantoja handia zuzenean ikusiko nuela! Sinesgaitza ematen badu ere, bizitzan behin egin behar den gauza bat da koplaren erreginaren kontzertura joatea.

URIOLAko zozketan parte hartu nuenean ez nuen espero sarrerak tokatuko zitzaizkidanik. "Zertarako demontre eman dut izena Pantojaren kontzerturako", pentsatu ere egin nuen. Lagunei ere pasa nien esteka, baina ez zuten parte hartu... eurentzat kalte!

Aurreko ostiralean, ordea, URIOLAko deia jaso nuen sarrerak nireak zirela esanez. "Ederra egin dut, ba!", pentsatu nuen, baina nork lagunduko ninduen bilatzen hasi nintzen. Esperientzia elkarbanatzeko bikotea topatzea koskatu zitzaidan zoratuta nengoela esaten zidaten. Azkenean lagun bat konbentzitzea lortu nuen. Izan ere, Pantojaren kontzertua plan itzela da.

Miribillara heldu ginen zuzenean ilaran jartzeko asmoz, baina atzera eta atzera joan eta ez zuen amaierarik. Hura zen jende andana! Alde batera baztertu ginen eta ilarakoak pasatzen ikusi genituen ilararen bukaera gure parera helduko zen esperantzaz. Zain geundela Pantojazalearen erradiografia egin genuen: emakumezkoa, 70 urte ingurukoa eta kuadrillan zihoana. Gazteagoak ere bazeuden eta zaharragoak ere bai. Gizonen bat ere ikusi genuen, baina ez ziren %10era heltzen.

Ilara zen suge luze horren buztana ez zen, ordea, gugana heltzen eta ilaran jartzea erabaki genuen. Gure aurrean Santanderreko andre bat eta bere bi alabak zeuden. Amaren urteguna zenez, alabek sarrera oparitu zioten. Ikusten zen ez zela lehen aldia Isabel handia ikusten zutela. Eurengandik jakin genuen Pantojak zaletu-klub bat zuela eta horren presidenteak kontzertuz kontzertu jarraitzen zuela. Presidentearen semea ere ikusi genuen, hara! Nahiko tipo xelebrea inondik inora. Susmoa dut ez dugun laster Sálvame-n ikusiko...

Barrura sartu ginen eta goiko izkina batean egokitu zitzaizkigun eserlekuak. URIOLAk zozketatu zituen sarrerak gureen ondoan bazeuden, ez zituzten printzipioz aprobetxatu, gure ingurua ia hutsik baitzegoen. Badakit orain inbidiak janda dabiltzala. Dena den, guretzat hobe, nahibeste oihukatu eta barre egin ahal izan genuelako. Egia esan 8.000 pertsona ingururentzako lekua egonik ere, erdi hutsik zegoen Bilbao Arena, 42€ko sarrerak garestiegiak ote?

Argiak itzali zituzten eta antolakuntzako morroi bat agertu zen ezin genuela argazkirik eta bideorik atera esanez. Nola aterako nuen orduan artikulu hau borobiltzeko argazkia? Musika hasi zen, orkestra sinfoniko osoa ekarri zuen Trianakoak eta Bilboko kontzertu honetan EHUko abesbatza ere lagun izan zuen. Eta eszenatokira igo zen eta 3.500 mugikor harengana zuzendu ziren. Alperrik zebilen antolakuntzako tipoa grabaketak ekiditen. Behin baino gehiagotan saiatu zen kontzertu erdian zale amorratu batzuekin liskar handia izan eta burumakur aretotik atera zen arte. 

Itzul gaitezen kontzertura, ordea. Hasieran Isabel soineko beltz luze batekin atera zen eta balada moduko koplak abestu zituen. Tira, eta Manák ere abesten duen Se me olvidó otra vez. Eskerrak, bat behintzat ezagutu genuen. Marinero de luces ere beltzez jantzita abestu zuen. Egundoko ahotsa du emakume honek. Aitortu behar dut zur eta lur utzi ninduela. Izan duen bizitza gogorra kontuan izanda... kartzelan egon da, senarra zezen batek hil zion, seme-alabek disgustoak baino ez dizkiote ematen, Cantorako zerbitzariak telebistan agertu zaizkio trapu zikinak astintzen... eta hala eta guztiz ere, inbidia emateko moduko ahotsa du. Horiek txalo-zaparradak abesti bakoitza amaitzean, horiek "guapa!" oihuak!

Lasaitasun momentu batean hitz egin zuen, orkestrari eskerrak eman zizkion, abesbatzari, soinu teknikariei, estilistari, makillatzaileari, disko-etxekoei, bere agenteari, Joseba Solozabal bere lagun maiteari... Ez dakit munduan norbait geratu zen Pantojaren eskerrik beroenak jaso gabe. Zergatik hainbeste esker ere azaldu zuen: han geundenok familia bat osatzen genuelako. Familia bat, ez dakit, baina ez ninduke harrituko emakume hori etxeko zapatillatan antzera ikustea. Espainiako beste vividor famatu bat bezala, bera ere oso kanpetxanoa da. 

Bigarren zatia bata de cola esaten zaien horietako soineko gorri batekin egin zuen. Lehen zatia lasaiagoa izan bazen, hau folklorikoagoa izan zen. Eszenatokira igo, abesten hasi eta bat-batean "pare un momento, maestro", esan zuen eta musika gelditu zen. Gero publikoari begira "Tenemos problemas técnicos; no moverse. Voy un momento dentro, total, prisa no tenéis, ¿no?", esan eta kamerinora joan zen. Horrelakoa da emakume hau, benetako 'koplaren erregina'.

Berriro atera zen eta Se me enamora el alma moduko doinu arrakastatsuak abestu zituen, guk bat bera ere ezagutzen ez bagenuen ere. Publikoa, ordea, berotzen hasia zen ordurako eta isiluneetan tradiziozko "guapa!"-z gain, "I-sa-bel, I-sa-bel!" ere oihukatzen hasi ziren. Amona zoriontsua ere bazela aitortu zigun bigarren zati honetan eta Hasta que se apague el sol abestia bere iloba Franciscori (bai, Eibarren bizi izan zen horri) eta ondoren etorri diren eta bidean diren beste guztiei eskaintzen ziela kontatu zigun. Beste atsedenaldi batean "askok ez zutela zuzenean abesten" esan zigun. Nik, argi dago, erantzun logikoa bota nion: "Zure semeak, adibidez!". Ez ninduen entzun, baina gure aurrean zeuden bi neska barrez lehertu ziren. Nik ere badut nire publikoa, aizue!

[MOMENTU FRIKIA]

Bada nire ikerketa arloan poesia sorkuntza automatikoa deitzen zaion ataza bat. Bertsolerroak nahastuz, hitzak aldatuz etab. poesia berriak sortzean datza. Pantojaren abestiei erreparatuta, horiek automatikoki sortzea nahiko erraza izango zela pentsatu nuen. Etengabe errepikatzen dira mar, arena, sal (denok dakigu Trianan hondartza ederra dagoela), corazón, tristeza, siéntate, te fuiste eta te quise/te querré. Nahiko lotura oinarrizkoekin elkartzen dira horiek gainera. Esango nuke ordenagailu batek erraz ikasiko zituela patroiak Pantoja ordezkatu ahal izateko. Inor animatuko al da?

[MOMENTU FRIKIAREN AMAIERA] (ala </momentufrikia> esan beharko nuke?)

Giroa animatua zegoenean, Andaluziako folklorearen gailurrera iritsi zen sentimendu handiz kopla bat abestu eta "El Cristo del Gran Poder"-i eskaini zion. Hor agertu zen pantaila erraldoiean Jesukristoren irudia, eta hari zuzendu zitzaion abestia amaitzean. 

Hirugarren zatia gitanaz (guk normalean esaten dugunez, sevillanaz) jantzita egin zuen. Aldatzen zen bitartean talde flamenko bat taularatu zen eta buleria batzuk abestu zizkiguten. 20 minutu gehiegi iruditu zitzaizkidan eta gainera cantaor-etako batek ez zuela duende askorik iruditu zitzaidan. Ni ez naiz flamenkoan oso jantzia, ordea, ez hartu nire iritzia egia borobil gisa.

Bada Isabel hirugarrenez taularatu zen kontzertuaren azken traka lehertarazi eta Bilbao Arena estasian uzteko. Niri zegoeneko luzeegia egiten ari zitzaidan ikuskizuna, baina hurrena zer gertatuko zen jakiteko irrikak aulkian mantentzen ninduen. Azken zati honetan runbak, buleriak eta sevillanak izan ziren nagusi eta ezagutzen nuen abesti bakarra "Francisco alegre y olé" esaten duen hori izan zen.

Amaitu zen kontzertua eta behean zeuden zale pilo bat eszenatokira hurbildu ziren Pantojari argazkia ateratzera. Ezin dut imajinatu ere egin ilobak oparitutako smartphone horiekin zer moduzko argazkiak aterako zituzten emakume horiek. Ia gelditu gabe sartu zen Pantoja backstage-ra, ordea, talde flamenkoak Hamelingo saguak balira bezala jarraika zituela. Pabilioia zain geratu zen Trianera berriz agertuko zain, baina argiak piztu, bozgorailuetatik musika hasi eta musikariak eszenatokia husten hasi ziren. 3 orduren ostean, kontzertua amaitu zen.

Asko dira 3 ordu, niretzat gehiegi, gainera gustuko ez dudan musika entzuteko, baina aitortu behar dut espero baino askoz ere hobeto pasatu nuela. Asko gozatu nuen jendea ikusiz, benetako zaleak ziren asko eta asko. Pilo bat egin nuen barre Isabelen "ponme más reverb" bakoitzarekin. Guztiz nire habitatetik kanpo egon arren, oso esperientzia baikorra iruditu zitzaidan. Badakit gainera barre egin ziguten lagun askok gure kontaketa entzun ostean agian ez zela hain ideia txarra pentsatu zutela. Larunbat gauerako plan hoberik al zegoen Bilbon?

Laburbilduz, oso ondo pasatu genuen kontzertuan, baina ez nuke ordainduko berriro joatearren. Noizko Pantojaren kontzerturako sarrera gehiago URIOLAn?