Askok jakingo duzuenez, ikerlariek, beren iker-lerro nagusiaz gain, afizioz lantzen duten aztergairen bat izaten dute. Askok, ordea, ez duzue jakingo nire afiziozko iker-lerroa komunak eta horien historia direla. Dena hasi zen 2007an. Urte batzuk neramatzan komunen kontuarekin arduratuta. 2000. hamarkadako erdialdean bereziki modan egon ziren film historikoak, baina errealismoa aldarrikatzen bazuten ere, oso gutxitan agertzen zen hondakinen kudeaketari buruzko ezer. Hala, karreran nebilela 10 orrialdeko ikerlan bat egitea eskatu ziguten eta besteek hizkuntzari buruzko kontuak aukeratu zituzten bitartean (zer espero zenuten?, euskal eta ingeles filologiako eskola bat zen!), nik sekretua azken uneraino gordez komunei buruzkoa egin nuen.
Ez naiz orain gaurdaino jarraitu dudan ikerketa horren emaitzak azaltzen hasiko, baina aitortu behar dut komunaren historiaren azterketak gaur egungo garbitasunaren inguruko gogoetara eraman ninduen. Benetan ez gara kontziente dugun zorteaz: komun bat (edo gehiago) dugu etxe barruan, ondo erabiliz gero "ia automatikoki" garbitzen da, nahiko metodo garbia da... eta etxetik kanpo ere nahiko komun egokiak aurki ditzakegu. Gainera erabiltzen dugun bakoitzean litroka ur garbiz garbitzen dugu komuna eta ia musutruk.
Zinez ez diogu komunari duen garrantzia aitortzen.
Orain dela pare bat aste toallatxoak komunetik botatzetik sortutako kalteak erakusten zituen erakusketa bat egon zen Doña Casilda parkean. Gaurko ETBko albistegietan ere toallatxoen munstroa elikatzearen ondorioez hitz egin dute. Kontu sinple, erraza eta zentzuzkoa inondik inora ere, baina askok oraindik barneratu ez dutena. Metroan gure ondoan esertzen den jendea, lehen begi-kolpean jende arrunta. Espero kanpaina hau horiengana heldu izana.
Gaurko azken gogoeta garatzeko bideetan dauden herrialdeetako biztanleei eskaini nahi diet: masifikazioa dela eta gorputzeko hondakinak kudeatzeko arazo handiena dutenei. Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkiet higienea hobetzeko ahaleginak egiten dituzten guztiei. Bigarrenik gobernu eta enpresei abantailaz beteko akordioa proposatu nahi diet. Zenbat eta higiene hobea, orduan eta gaixotasun gutxiago. Ondorioz, baja egun gutxiago eta produktibitate handiagoa. Ez dut inoren bihotza bigunduko elkartasuna aldarrikatuz, baina arrazoi ekonomikoa ez al da nahikoa potentea inbertsio txikiak eginda etekin handia lortzeko?
Komuna erabiltzen duzuen bakoitzean gogoratu keramikazko eserleku hori dela dugun teknologiarik preziatuenetakoa eta azaroaren 19ro, gogoratu oraindik ere asko dagoela egiteko.