Artikulu hau telefono mugikorrei buruzko hiru artikuluren lehena da. Adi, besteak datozen asteetan aterako dira eta.
Oso amama saltsero eta independentea dugu eta orain dela 15 urte mugikor bat lortu genion dei ziezagun. Ze pozik ibiltzen zen adreilufono harekin! Baina Iberdrola Dorretik beherako erorketa aguantatzen zuten mobilak ere espero ez den edozer txikikeriagatik apurtzen dira eta amamak izan ditu hiruzpalau mugikor azken urteetan. Dagoeneko, gainera, ez da lehen mugikor hori hura izan zuen neskatxa pinpirina eta ez du tutik ere ikusten. Ondorioz, duen azken telefonoa pertsona nagusientzako telefono horietako bat da.
Suposatzen dut zuetako batzuek pairatuko zenutela zenbaki handidun telefono horietako bat. Esaten dute nagusientzat egokiak direla, baina ez dut oraindik inor ezagutu horrelako batekin pozik dagoenik. Gainera, lotsagarriki garestiak dira. Lotsagarriki esaten dudanean, justu-justu deiak egiteko balio duen katxarro batek 40 € kostatzen duela esan nahi dut. Maskor modukoak badira, 80. Lapur zikinak!
Udatik darama amamak telefonoa izorratu zaiola eta berria behar duela esanez. Egia esan, ez zaio izorratu, baina ez da gai blokeatzeko oso hatz azkarrak behar baitira aparagailu hori blokeatzeko (oso zahar-friendly, inondik inora ere...) eta nahigabe zapaltzen ditu teklak. Bolumena kentzen dio, ilobaren bati deitzen dio edo menuan sartu eta telefonoa arameo klasikoan jartzen du. Gainera, oso sendo hartzen du telefonoa eta eskuetan hartzen duen bakoitzean iskinetako botoiren bati ematen dio arazoa areagotuz. Iloba bat hurbil duenean, ez da arazo larria, baina badiotsuet oso emakume independentea dela eta askotan ibiltzen dela han-hemenka.
Bere iloba nagusia naiz eta ilobok daukagun berezko teknologiarako erraztasunaz gain, ontzat ematen da ni ere formalena naizela; adinagatik edo. Hala, nire gain erori zen (edo behartuta hartu nuen) benetan nagusientzat egokia den mugikorra aurkitzea. Ez da lan erraza, beraz, gorde ondo artikulu honetako erreferentziak, egunen batean baliagarriak izango baitzaizkizue. Gogoeta sakona egin eta amamaren telefonoaren erabilera luze aztertu ostean, uste dut badakidala nolakoa den nagusientzako mugikor perfektua:
- Maskor formakoa da zabaldu eta batera erantzun ahal izateko
- Ez du inolako teklarik kanpoko aldetik poltsikoan eta eskuetan lasai erabiltzeko
- Tekla berdea du deitzeko eta gorria eskegitzeko (semaforoak bezala, amama, berdea=aurrera, gorria=gelditu)
- Bakarrik deitzeko eta dei diezazuten
Eta noski, merkea edo behintzat nagusientzat beren-beregi eginda ez dagoena. Pirata nazkanteak!
Orain dela 10 urte aise aurkitzen ziren halakoak, baina gaur egun horrelako bat aurkitzeko erronka botatzen dizuet. Merkeenak 30€ balio du eta ez ditu zenbakiak bereziki handiak. Irtenbide bakarra geratzen da: Txina.
Txinan munduko mugikor guztiak egin eta saltzen dira: punta-puntakoenak eta oinarri-oinarrizkoenak, eta ia guztiak daude Aliexpressen. Ezagutzen ez baduzue, Aliexpress sareko supermerkatu txinatar erraldoia da eta denetarik du preziorik onenean (egunerokoak hobe herriko dendetan erostea, baina ama, amama edo amaginarrebarentzako mugikorra hobe duzue hemen eskuratzea). Pare bat ordu arakatzen ibili ostean aurkitu nuen mugikor perfektua. Piztuko den edo ez, heltzen zaigunean kontatuko dizuet. Tekla berde eta gorriaren kontua falta zaio, baina gometx batzuk jartzea bururatu zait.
Indiako teledenda iragarkiaren arabera, munduko telefonorik onena da, ezkongaiek elkarri oparitzen diotena eta ordu erdiz hindi eta ingelesez berari buruz hitz egiteko adinakoa. Behintzat hori ulertu nuen, hindiz esaten zituztenak apur bat ilunak gertatu baitzitzaizkidan. Zuen buruei galdetuko diezue zer egiten nuen nik Forme C3 mugikorraren Indiako iragarki bat ikusten, baina erantzuna erraza da Aliexpressetik erosten dugunontzat: aparatuaren tamaina erreala (gehien bat zenbakiena) ikustea. Aitortu behar dut bat ezin fida daitekeela Txinako produktu-argazkilariekin. Hona hemen iragarkia:
Denbora honetan guztian pentsatzen aritu naiz. Nik 86 urte ditudanean zer mugikor mota erabiliko dut? Egongo al da inolako mugikorrik edo txip bat izango dugu buruan sartuta? Nola da posible garbigailuaren programa ilun eta batere intuitibo horiek ulertzen dituen emakumea telefonoekin liatzea? Gainera, dumbphone edo telefono leloak arakatzen ibili naizen honetan smartphonea alde batera uzteko gai nintzatekeen galdetu diot nire buruari. Erantzuna ezezkoa izan da, gaur egun komunikazio garrantzitsu asko (lan taldeak, laneko kontuak, antolakuntza kontuak, etab.) Whatsapp edo Telegram bidez egiten dira eta horietatik kanpo dabilena, mundutik kanpo dabil ia. Dena den, ez da hau nire ardurarik handiena izan; ezin izan dut nire burua Google Maps edo Wikiloc gabe imajinatu. Benetan noraezean nenbilke horiek gabe.