Igerilekuan: urte berriko asmoak eta etiketa

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2018ko urt. 11a, 09:16

Argazkia: @Thierry_G

Urte berriarekin hainbat eta hainbat promesa egiten dizkiote batzuek beren buruei: kirola egiten hasiko direla adibidez.

Nik ez diot urte berriko promesarik egiten nire buruari, ez diot inoiz egin izan, agian oraindik ere urtea irailean hasten dudalako ikasleek bezala. Beste batzuek, ordea, urtarrilaren 2an nagiak ozta-ozta alde batera utzita izena ematen dute gimnasio edo polikiroldegi batean. Bejondeiela! eta bitez ongi etorriak kirolarion mundura.

Batzuetan hiltzea merezi badute ere.

Ez pentsa drastikoa naizenik, baina kirolean, beste eremu batzuetan bezala, etiketa arau batzuk daude. Guztion hobe beharrez. Elegantzia kode hori denboraren poderioz ikasi behar izango litzateke, baina denbora aurrezte aldera (eta berekoikeriagatik) hona hemen igerilekutik bizirik ateratzeko aholku batzuk:

  1. Begiratu. Bai, begiratu igerilekuari sartu baino lehen. Begiratu zein kale dagoen erabiltzeko moduan. Begiratu ze erritmo daramaten kale bakoitzean eta kalkulatu gutxi gorabehera zein kaletan ari diren zure abiaduran. Zure abiadura zein den ez badakizu, behetik jo eta gerora aldatu arinago doazen batera. 
  2. Ez gelditu. Ez gelditu piszina erdian, ezta hormara helduta edonola. Eskina batean jarri. Norbaiti erritmoa aldaraztea da piszinan egin dezakezun gauzarik okerrena. Pixa egitea egokiagoa da, zalantzarik gabe.
  3. Ez gurutzatu. Zuzen igeri egitea gutxi baloratzen den bertute bat da, baina ez dago (gelditzeaz gain) besteak molestatzeko modu hoberik. Gomndagarria da begiak zabalik igeri egitea hori ekiditeko, beraz, pasatu logotipo txuri-urdina duen kirol-denda frantses horretatik eta erosi betaurreko batzuk. Bestalde, zuzen igeri egin ondoren, ez izorratu lortu duzun irudi ona, inpultso apur bat hartu eta atera kaleko hormatik igerilekutik. Egundo ez itzazu hainbat kale zeharkatu eskaileretatik ateratzeko!
  4. Igerilekuak 25 metro ditu. Hormatik hormara igeri egin. Ez aldatu norantza 23 metro egin ondoren, hori ere gurutzatzea da (ikus. 3. puntua).
  5. Moldatu entrenamendua igerilekuaren egoerari. Igerilekua jendez beteta badago, ez hasi bular-igeriketa egiten. Astiro joango zara eta pila bat okupatuko duzu. Besteok ere egiten dugu, lasai. Pozik egingo nuke nik nahi dudan entrenamendua igerilekura noan bakoitzeko, baina beti ezin da. Gomendioa: jende asko dagoenean, saiatu sorbalden zabalera soilik okupatzen, hau da, krol edo bizkarrez, hesola bat bezain zuzen.
  6. Utzi aurreratzen. Ez zara gutxiago izango aurreratzen bazaituzte, motela zara, hori bakarrik. Horregatik da garrantzitsua asko ez okupatzea, horregatik da garrantzitsua, horman geldituz gero, eskina batean gelditzea. Izan ere, bai, igerilari geldoek itzel molestatzen dute (eta gelditzen direnek are gehiago!), baina igerileku publikoak dira eta kontratuan doa beraiekin pazientzia izatea, azkar ibiltzen garenok ere inoiz motelak izan ginelako.
  7. Erabiltzen duzun materiala itzuli. Bilboko igerilekuetan tabla eta pullbuoyak daude norberak erabiltzeko eta ezin duzue imajinatu hori zelako pagotxa den, ez baita igerileku guztietan hala gertatzen. Ez dago milaka, ordea, eta erabili ostean jasoz gero, hurrengoak ere erabili ahal izango ditu (eta sorosleak ez du alferrik makurtu behar izango).

Arau hauek zentzuzkoak dira, ez naiz ari bazkari elegante batean plater bakoitzerako zein aizto eta zein sardeska erabili behar denari buruz. Gure igerilekuak merkeak eta kalitate onekoak dira eta horregatik jende asko animatzen da igeri egitera. Ordu batzuetan, ordea, jende asko biltzen gara eta zaila izaten da igeri egitea; gehienetan aurreko bizikidetza arauak errespetatzen ez direlako. 

Espero dut aholku hauekin kontzientzia batzuk esnatu izana eta 2018 hau guztiontzat erosoa izan dadila igerilekuan behintzat. Ah, eta orain igerian hasi zaretenoi, animo! benetan erlaxagarria da igeriketa eta merezi du, hasieran apur bat ito arren, aukera bat ematea.