Esperientziatik Bilbora: DBHOko 2.mailako ikasleei gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2018ko ots. 13a, 09:45

Argazkia:UPV/EHU

Oker ez banago, asteburu honetan izan zen EHUko karreren azoka Bilbon. Batzuentzat agian argigarria izan da, beste batzuentzat agian korapilatsua. Horientzat guztientzat, gaurko gutuna.

DBHOko 2.mailako ikasle maitea:

Begoña naiz, 28 urte ditut eta Hizkuntzaren Prozesamenduan doktoretza amaitzear nago. Orain dela 11 urte, zure egoera berean nengoenean ez nuen imajinatu ere egiten orain horrela egongo nintzela. Egia esan, nire burua non irudikatzen nuen galdetu izan balidate, ez nuke jakingo erantzuten. Momentu horretan nekien gauza bakarra euskal filologia ikasiko nuela zen. Euskal filologian zer demonio ikasten zen ez banekien ere.

Agian nahiko txoriburua nintzela usteko duzue, nire etorkizuna jokoan nuela eta ez nintzela gogoetarik egiten ari. Ba... bai, unibertsitate-ikasketak aukeratzea erabaki garrantzitsua da, etorkizuna hein batean bideratzen duelako, baina ez zait iruditzen hain berebizikoa. Batek daki non amaituko dugun...

Gaurko gogoeta hortara doa: ikasi senak eskatzen dizuena. Ziur nago bide bat (unibertsitatean, lanbide heziketan edo enpresa bat zabaltzeko abenturan) besteak baino gehiago gustatuko zaizuela. Aukeratu hori. Berdin dio "irteerarik ez badu", "neskena/mutilena bada" edo "zailegia bada". Pentsa egoera on batean horren inguruan lan egingo duzuela 40 urtez (gutxienez). Beraz, hobe gustokoa izatea.

Gaurko gogoetak hemendik darrai: ez dakigu non amaituko dugun, baina ez badugu gure aldetik zerbait ematen ez gara inora joango. Nik dakidala pertsona arruntoi ez digute ezer oparitzen; lan egin behar dugu. Ez da soilik nota onak ateratzea, jakinmina eta hobetzeko grina izatea ere ezinbestekoak dira. Behin ibilbidea hasita, bidegurutze asko dago, aukeraketa asko dago eta zirt edo zart egin behar da, eta, berriro ere, hobe senak agintzen duen bidetik jarraitzea.

Horrekin lotuta, ikasketak (ikastea aukeratzen baduzue) garrantzitsuak dira, baina ez zaitezte sofan bota etxera heltzean, etorkizun asko afizioetatik sortzen baitira. Batzuk musikari, beste batzuk kirolari... eta nork esango zien gaur egun milioiak irabazten dituzten bideojoko jokalari profesionalei eta youtuberrei horrekin aberastuko zirela? Kontua da ibiltzen ez dena ez dela inora heltzen.

Amaitzeko, garrantzitsuena iruditzen zaidan kontua. Agian ibilbide bat aukeratuko duzue eta behin ibiltzen hasita ez zaizue gustatuko. Ez duzue porrot egin, inolako bidek ez du hesi elektrifikaturik alboetan eta beti topa daiteke beste bide bat. Gainera ez zarete berriro zerotik hasiko, ordura arte ikasitakoa zuekin eramango duzue. Tira, edo behintzat zer ez duzuen nahi jakingo duzue eta hori ere ez da makala.

Gustatuko litzaidake 11 urte barru zuetako batzuekin hitz egitea. Gustatuko litzaidake jakitea hasi zinetenetik noraino heldu zareten, orain irudikatzen duzuen etorkizunak 11 urte barrukoaren antza duen... Animo azken hilabete hauetan. Gogoratu norberaren onena ematea dela edonorako biderik onena, eta ez gelditu sekula: probatu, galdetu, mugitu, lagundu, maitatu eta abestu.

Oharra: laster doktorea izango banaiz ere, oraindik ez dakit non amaituko dudan, baina bidaia benetan gozatzen ari naiz.