Beste urte batez Loraldia heldu da Bilbora. Ez Jerten erositako nire gereziondoarena (loratuko al da inoiz?), baizik eta euskal kulturarena. Euskal kulturaren baratzan, gainera, ez dira bakarrik Piperrak eta hormetan ez da soilik Huntza hazten. Denetarik dago, euskal kulturaren baratza txikia bada ere. Baina utz ditzagun alde batera ortuaren metaforak...
Ostiralean URIOLAko zozketan tokatutako sarrerei esker Amorante eta Mursegoren kontzertura joan nintzen lagun batekin. Gutxi gorabehera banekien zertara nindoan. Pastazko betaurrekoak ditut, zer espero zenuten? Egia esan, nahiko poz handiz hartu nituen sarrerak. Dena den, ez nuen espero kontzertuak eskaini zidana eskainiko zidala.
Itsas museoko auditoriora sartu ginen ehun bat pertsona edo. Atzean ziren La Salveko kañeroak eta aurrean tramankulu arraroz betetako eszenatokia. Bilboko beste gafapastak, nire laguna eta ni (gu ere gure betaurrekoekin, noski) lurrean eseri ginen kontzertu lasaia izango zelakoan, baina ez zen horrela izan. Argiak apaldu ziren eta hor sartu zen Maite 1901eko Eibarko Lore Jokoetara gonbidatzen Ibanek tronpeta jotzen zuen bitartean. Lore jokoak-Loraldia, zer egokia.
Bizenta Mogelen bertsoak, tangoa eta musika klasikoa hasieran. Ukitu modernoz, noski. Lasaitasuna, ordea, laster amaitu zen. Eszenatokitik altxatzeko deia hedatu zen aretoan. Nola ez ginen altxatuko, ordea, kunbia konpasak hasten ari baziren. Kunbia eta kunbiari Chimo Bayok jarraitu zion. Chimo Bayok! Aitortu behar dut ez nuela espero.
Momentu gorena Mursegok hor bilduta geundenoi Eusnob abestia dedikatu zigunean heldu zen. Ondo ezagutzen gaitu. Eta ziurrenik interpretatu zituztenetatik abestirik ezagunena zen. Edo ezaguna, punto. Gero festak jarraitu zuen eta hala, "Dale gasolina" eta "Gora anfetamina!" artean heldu ginen kontzertu amaierara.
Ia bi orduko kontzertua, giro atseginean, bi musikari puskaren eskuetan. Oraindik ere aukera duzue Loraldiaz gozatzeko, maila zalantza izpirik altua da eta merezi du. Eta lasai, ez da behar pastazko betaurrekorik. Adi ibil zaitezte URIOLAko zozketei, sarrera bat baino gehiago dago banatzeke oraindik eta, eta tokatu ere egiten dira!