Mungiatik Bilbora: Boga garagardo naturala

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2018ko mar. 15a, 10:47

Boga, naturala eta bertokoa eta mundura zabaltzeko prest.

Orain dela pare bat asteburu Ozenek antolatuta Deustuko (eta Bizkaia osoko!) gazte talde batek Boga garagardoaren ekoizpen planta bisitatu genuen. Oraindik ez badakizue, Ozen Deustualdeko gazte euskara taldea da eta gazteentzako aisialdiko euskarazko ekintzak sustatzea eta gazteentzat euskaraz hitz egiteko esparru informalak sortzea du helburu eta Boga Mungian ekoizten den garagardo naturala da.

Bisitan Urtzik enpresaren sorreraz hitz egin zigun, baita produkzio prozesuaz ere. Enpresa gaztea eta txikia izanik ere, lan handia egiten dute eta etengabe hazten ari dira. Gero eta leku gehiagotan ikus daiteke Boga eta sari internazionalak irabazi ere egin dituzte. Gaur egun, lau garagardo mota ekoizten dituzte eta guztiak probatu ahal izan genituen. Ba al dakizue janari mota bakoitzari garagardo berezi bat doakiola ondo? Boga ezberdinak okela, arraina eta hainbatekin probatzeko aukera izan genuen larunbat goiz hartan.

Bapo jan eta edan bagenuen ere, interesgarriena Boga beraren funtzionamendua ezagutzea izan zen. Ez da soilik produkzioa eta distribuzioa, gizarteratzea ere bada eta horretan guk ere badugu zer esan. Boga kalitatezko garagardoa da, baina askotan erdi ezkutuan geratzen da tabernetako eskaintza zabala kausa. Bezero bezala ere, batzuetan ez zaigu Boga burura etortzen eta garagardo berezia edateko egarria garagardo "arruntaz" itzaltzen dugu.

Zorionez, ostiral honetan hasiko diren Deustuko jaietan Boga dastatzeko aukera izango dugu, kañeroan zein botilan. Bezeroa bazara, eskatu Boga beldurrik gabe, eskura izango duzu eta. Txosnan txanda egitea tokatzen bazaizu gogoratu galdera hau "normala ala naturala?", eta naturala erantzuten badizute, atera Boga. Ez dadila inor Boga ezagutu gabe gelditu.

Zuek ere Bogako lantegia bisitatu nahi baduzue, jakin ezazue besoak zabalik hartuko zaituztetela. Bisita gidatuak antolatzen dituzte, informazioa lortzeko deitu baino ez duzue egin behar. Guk oso ondo pasa genuen eta badakit batek baino gehiagok oso ondo hitz egin duela bisitari buruz.