Urrun gelditzen dira Aste Santuko atseden egunak eta gero eta hurbilago daude azterketak. Urtero bezala, institutu eta faktultateetan ikasleak ikasturtea gainditzeko prestatzen hasten ari dira. Udaberri hau, ordea, ez da aurreko urteetakoen bezalakoa izango; aurten ohiko ikasleez gain beste ia 100.000 pertsona ere ikasten ari dira. Osakidetzako oposaketak datoz.
Nire inguruko bat baino gehiago ari da oposaketak prestatzen eta, albotik bada ere, ikusten dut zer sortzen ari den horrelako ekitaldiaren inguruan. Ikusiaren ikusiaz ondorio batera heldu naiz: ez dago Euskal Herria euskalduntzeko oposaketak baino bide hoberik. Ezin imajina dezakezue zenbat jendek eskatu didan euskarako B2 maila prestatzeko laguntza. Era berean, ezin imajina dezakezue jendearen motibazioa (jarrera baikor eta ekintzailea) euskarako perfila lortzeko.
Agian ni naiz Jaurlaritzaren maisu-jokaldia lehenago antzeman ez duen bakarra, baina orain estrategiaren edertasuna baino ezin dut ikusi. Bide hoberik Euskaraldirako beroketa egiteko! Azaroan hasiko den Euskaraldiak euskaldunok euskaraz jarri nahi gaitu eta jakina da euskaldun asko euskaraz ez aritzeko arrazoi nagusietako bat ohitura falta dela. Bada, euskaraz nahiko ondo moldatzen diren horiek dira B2 maila lortzeko prestatzen ari direnak, baina lotsa, segurtasun eza eta euskara egunero ez erabiltzea direla kausa gaztelaniara jotzen dute.
Hala eta guztiz ere, arestian aipatu dudan bezala, euskararen aldeko jarrera positiboa sumatzen dut funtzionariogaien artean eta Euskaraldiari begira joera mantentzeko ahaleginak egin behar ditugu. Eztarriak bero daude milaka euskaldun, egunero euskaraz bizi direnak eta ergatiboa noiz erabili asmatzeko formula euskaraz aritzea dela oraindik ez dakitenak. Gure gobernariek kalkuluak ondo egin badituzte behingoz euskaldunduko dugu Euskal Herria. Lortuko al dugu?