Parrandazaleegiak ote?

Erabiltzailearen aurpegia Begoña Altuna 2018ko eka. 21a, 15:57

Euskal Herriko jaiek xarma dute eta erakargarriak dira, baina masifikazioak hil ditzake. 

Aurreko larunbatean 3.000 pertsonatik gora elkartu ziren San Frantzisko auzoko Munduko Arrozetan. Jaia auzoko kulturen topagune izateko sortu zen eta urtetik urtera jai-giroak eta planak berak geroz eta jende gehiago erakarri du. Geroz eta jende gehiago hurbiltzen da beste auzoetatik eta porportzioan geroz eta gutxiago dira San Frantziskoko bizilagunak. Azkenean, Aixerrotako paellen tankera hartuko du.
 
Ez da jai bakarra izaera galtzen ari dena. Aste honetan bertan Galizia eta Extremadura inguruko inauteriek arazo bera dutela irakurri dut. Artikuluan aipatzen zenez, jaiak interes turistiko edo kulturala izateak herriak har ditzakeenak baino pertsona gehiago erakartzen ditu. Penintsulako Mendebaldeko inauterietan, mozorroek (peliqueiroak, maskarak, etab.) herritik korrika egiten dute eta hori oso zaila da jendez gainezka dauden kaleetan. Masifikazioak hilko ote ditu jai koloretsu horiek?
 
Euskal Herrian ere baditugu horrelako adibideak. Ez da soilik herri bateko paella/marmitako/sukalki lehiaketak sona hartzea; badira kultura eta tradizioaren ikusgarri diren eta mehatxatuta dauden jaiak. Luzaideko Bolant Eguna da horietako bat. Nola da posible orain dela lau urte hutsik aurkitu genuen aterpean aurten ohe guztiak bizkaitarrez beteta egotea? Maskaradetara manex autobuskadak joatea ere praktika arriskutsua da. Ezin ditugu zuberotarrak zutik utzi Hegoaldekook banku guztiak betetzen ditugun bitartean. Behintzat autobusetakoek bankuak jartzen lagunduko balute...
 
Ezin zaio inori esan ezin duela jai bat bertatik ikusi. Ezin zaio inori esan jai batean parte hartu ezin duenik. Nola zaindu, ordea, gure ondarea? Zaharra edo berria, Bilbon edo Zuberoako puntan. Bilbotarrok kexu gara Aste Nagusiko asteburuko gauetan dagoen jendetzaz. Nor eta gu, Euskal Herriko txosnagunerik handiena dugunok! Zer pentsatuko dute beren herriko espaloiak kotxez beteta, tabernak gainezka eta kuadrila ezin aurkiturik ibiltzen diren herri eta auzoetako biztanleek?