Euskara batuak "50" urte bete ditu egun hauetan. Komatxo artean jarri ditut urteak 1968an euskara batua sortzea erabaki zutenerako baten bat lehenago ere saiatu zelako. Baina, ez gaitezen iraganean geratu, dagoeneko, zorionez, euskaldunon gehiengoak ahaztuta ditugu H-aren inguruko eztabaidak, onartu dugu "eta erdi", "laurogei eta zazpi", "galleta" eta "bonbilla" idatzi behar direla eta beste euskalki bat hitz egiten duen norbait ezagutzean ez dugu erdaretara jotzen. Zalantzarik gabe, orain dela 50 urte baino hobeto gaude, azkenengo kontuagatik, nagusiki.
Batzuek esaten dute, ordea, euskara batua hori dela, arau multzoa, probintziaz gaindiko administraziorako eta gauza serioetarako balio ez duen hizkera. Jende hori ez da Bilbotik ibili eta, ibili bada, gaztelaniaz ibili da. Ingurura adi entzuterik besterik ez dago, hiriko pintxopote, poteo, txosna edota kolunpioetan esparru ez-formalean euskara batuan ari diren heldu eta gazteak senti daitezke.
Izan ere, euskara batudunak gara Bilboko euskaldun gehienak, etxean edota eskolan irakatsi digutelako; eta askoren kasuan, besteren ezean, batua erabiltzen dugu sentimenduak, nahiak, iritziak eta burutik pasatzen zaigun guztia adierazteko. Sinetsi: ez dugu adierazkortasunik faltan sumatzen.
Ez ote da izango erabiltzen den euskarak ahalbidetzen duela norberaren barrualdearen sakonekoa adieraztea? Ziurrenik, batuarekiko aurreritzirik duen inork ez du arazorik izango nire ideiak ulertzeko eta nire pentsamenduen ñabardurak harrapatzeko. Agian konturatu ere ez da egingo batuaz ari naizela bera euskalkian dabilen bitartean.
Erabileraz ari naizenez, aitortu behar dut euskaldunok badugula horretan zer hobetu. Esan dut batzuk euskaraz edozein testuingurutan gure mezuak zabaltzeko gai garela, baina dugun indar hori nahikoa aprobetxatzen al dugu? Ez dakit Arantzazun batu ziren haiek Bilbon gaur egun biztanleriaren erdiak euskara jakingo zutela amestuko zuten, baina ziur ez zutela pentsatuko erdiak jakinda ere, % 3ak baino ez duela kalean erabiltzen.
Eskerrak Euskaraldia indarrez datorren! Bada garaia euskara batuarekiko sinesgogor diren horiei guztiei erakusteko, euskara batudunok ezer falta badugu, solaskide gehiago baino ez ditugula falta!