Zubian Madrilen izan naiz lagunekin eta, jateaz eta edateaz gain, kulturaz ere gozatzeko aukera izan dut. Reina Sofía museoa, Matadero kulturgunea eta Conde Duque gunea bisitatu ditut eta antzerkira joan naiz. Hain zuzen ere Valle Inclánen Luces de Bohemia ikusi nuen. Obra paregabea, gaurkotasun itzelekoa. Hala ere, gehien harritu ninduena antzezlana ikustera joan ziren gazteen kopurua izan zen.
Aitortu behar dut ez naizela asko joaten antzerkira; 2018an 4-5 aldiz, adibidez. Joan naizen gehienetan, ordea, nabarmena izan da ni eta nire lagunak izan garela publikoko gazteenetakoak. Antzerkia, antza, jende nagusiarentzat da.
Musika kontzertuetara sarriago joaten naiz, hilabetean behin edo suertatzen zait gustuko dudan talde bat ikusteko aukera. Kontzertuetara normalean jende gaztea joaten da, ezta? Ba ez dakit zer esan. Azken bueltan ikusi dudanagatik, kontzertuetan ere adinaren batez bestekotik behera egoten naiz. Gainera, ezin esan aretoak betetzen direnik.
MTVren sarien harira beste mota bateko kultura eskatzen duten hainbat ahots entzun dira. MTVren balioak ez direla eredugarriak, kapitalismoaren isla dela... Bat nator egin diren iruzkin askorekin. Aitzitik, ez nator bat MTVk homogeneizazioa dakarrelako iritziarekin. Bilbon gaur egun eta MTV gorabehera, hainbat kontzertu egiten dira, hainbat publikorentzat, herri mugimenduek, zein instituzioek, zein enpresa pribatuek sustatutakoak.
Berri Txarraken kontzertuan BEC bete zen, Deustuko jaietan Glaukomaren kontzertuan txosnagunea lehertzear egon zen eta Aste Nagusian konpartsek antolatutako hainbat kontzertutara hurbildu ere ezin izan ginen egin guneen betearen beteaz. Kultura aukera zabala ezin ukatu. Are gehiago, Bilbon kultura aukera zabala dagoela frogatzeko, hor daude Biran antolatzen diren kontzertuak, Kafe Antzokikoak, gaztetxe eta gazte lokaletakoak, Bilborockekoak, Müllereneakoak...
Ez dakit zergatik, ordea, TtunTtun Brigaderen kontzertura hain jende gutxi etorri zen edo Mursegoren azken kontzertuan nire lagunak ta ni ginen gazteenetakoak. Agian kultura aukerak (ez soilik musika) ez dira ondo gizarteratzen edo agian ez dira MUSE, Berri Txarrak eta Glaukoma bezain erakargarriak. Agian homogeneizazioa kritikatu baina ez gara nahikoa ateratzen Youtubeko erreprodukzio automatikoak edo Spotifyren gomendioek gure gustuen arabera eskaintzen digutenetik.
Oker edota zuzen nagoen frogatzeko aukera izango duzue ostiral honetan 19.00etatik aurrera Müllerenean. 19.00etan kultura outlet berritua zabalduko da eta artista gazteen lanak ikusteko aukera izango da eta 20.30etan Unaik eta Beñatek beren musika ekarriko digute Physis vs. Pelax formatuan. Oker, norberaren konfort eremutik atera eta Müller beteko duzuelako. Zuzen, Bilbon kulturarako aukera anitz dagoela frogtu dizuedalako.