Entzungo, ikusiko edo irakurriko zenutenez, larunbatean 2018ko Bizkaiko bertso txapelketaren finala egin zen eta hara joan nintzen ni ere bai nire ahizparekin eta lagun batzuekin. Aurretik nuen kronika hau idazteko konpromisoa hartuta eta, laneko bazkariaren ondorengo ajeak aje, adi-adi pasa nuen saioa. Pantoja zein bertsoak, beti da plazera Miribillara joatea.
Saioa puntual hasi zen eta 10 minutu edo pasa genituen finalean parte hartzen zuten bertsolari, epaile eta abarren izenak entzuten. Zinez abizen luzeak ditugu euskaldunok! Gero hasierako agurrak etorri ziren, batzuek agurtzeko erabili zuten mikrofono aurreko denbora, beste batzuek egurtzera zetozela esateko eta batek ere ez ez zuen erabili bere txanda epaileak jaboiarekin igurtzeko.
Zortziko handian saioa flojo hasi zen; izan gaitezen zintzoak. Ez da gauza arraroa, ordea, lehen ariketa beti izaten da hein batean beroketa; are gehiago horrelako plaza batean. Gero, joan zen saioa erritmoa hartzen eta zortziko txikian barre ere egin ahal izan genuen. Barre algarak entzun ziren Miribillan Onintza eta Nerea karaokean imajinatu genituenean.
Puntu-erantzunetan ere bertso on batzuk entzun genituen, bereziki Onintza eta Nerearenak berriz ere. Hamarreko txikikoei buruz ez galdetu, ez dut ezer gogoan eta. Ajea gailenduko ote zen eta lo geratu al nintzen?
Lehen zatiarekin amaitzeko, bakarkako ariketa heldu zen eta horrekin bidegabekeria. Nola liteke Etxahunek lortzea puntuaziorik altuena? Egia da doinu konplikatua aukeratu zuela, baina gaia ez zuen batere garatu! Ojo, Onintzak guztiz ahaztu zuen maitalea zuela. Inor ez da perfektua.
Hala ere, horiek biak heldu ziren buruz burukora eta saioak beste maila bat hartu zuen. Kalitatezko bertsoak entzun genituen eta, Etxahun ondo ibili bazen ere potoak poto, Onintza gailendu zitzaion. Azken bertsoaldiaren ondoren, zalantzarik ez zegoen irabazlea nor zen. Hala, Onintzak, saioan zehar azala oilopopatu ez bazigun ere, ospakizunean bere poztasuna eta emozioa kontagiatu zigun guztioi. A zer ozpakizun polita!
Zer izango ote dugu bi urte barru? Ukaezina da Bizkaiko bertsolari gazteak gogor datozela eta saio ederrak izango ditugula etorkizunean ere. Espero zaleak ere maila berean egoten jarraitzea.