Aitortu behar dut, emakume "zientzialari" bezala noizbehinka gure lana gizarteratzen duten deialdiak, bideoak, kanpainiak heltzen zaizkit eta, hala ere, beste urte batez otsailaren 11k beste zerbaitetan harrapatu nau. Zorionez, erraz konpon daitekeen endredoa da hori eta goiz-goizetik gaiaren inguruan zer esan pentsatzen aritu naiz.
Iluminazio gorena afaltzen ari nintzela etorri zait. Pisukidearekin gaiaz ari nintzela konturatu naiz zientzialariak desberdin gogoratzen ditugula emakume zein gizon izan. Nik badakit ADN katea deskodetzen emakume bat aritu zela, badakit gizakia (hara, gizona kasualitatez!) ilargira eramateko kalkuluak emakume batzuek egin zituztela eta badakit emakume zientzialari bat aktorea ere izan zela. Ezin, ordea, beraien izenak gogoratu. Gizonezkoen kasuan, aitzitik, kontrakoa gertatzen zait batzuetan, izenak entzun eta zientzialariak direla jakin bai, baina ezin esan dezaket zer egin duten.
Orain afaltzen amaitu dudala, egoera horrek dituen inplikazioak aztertzen ari naiz. Poztu behar dut emakume zientzialari batzuk, izendunak eta anonimoak ezagutzen ditudalako? Haserretu behar dut emakume zientzialarion lana oraindik erdi-ezkutuan dagoelako? Gauza bat argi dut: egoera aldatzeko momentua da eta inoiz baino aukera gehiago ditugu.
Agian urrun geratu da Maria Skłodowska Curie, Ada Lovelace eta Jane Goodall. Agian bururatzen zaizkigun bakarrak dira. Agian uste duguna baino hurbilago ditugu erreferente izan daitezkeen emakume zientzialari asko. Pertsona batzuengan eragina dute izar handiek, askok izan nahi dute CR7 (ez da ez kromosoma bat, ez molekula bat, ez hegazkin modelo bat; futbolaria da), baina beste batzuentzat ezinezkoa da bere mailara heltzea eta motibazioa galtzen dute. Nire proposamena: eman dezagun ezagutzera gure inguruko emakume zientzialarien lana, egunero metroan gurutzatzen ditugun emakume horiek gauza handiak egiten dituzte eta 10 edo 20 urte barru metroan joango diren beste neska askoren erreferente izan daitezke. Agian behin ezagututa neska gazteen zalantzak email bidez pozik erantzungo dituzte eta neska bat edo beste zientziara erakarriko dute.