Pisukide bat badoakigu eta berriaren bila hasi gara. Lehenik gure inguruko jendearengan pentsatu dugu: nor dabil pisu bila? Ez dugu inor aurkitu, ordea, eta, ondorioz iragarkia jartzea erabaki dugu. A ze iragarkia, baina!
Hain zuzen ere, iragarkia euskaraz eta irudirik gabe baino ez dugu jarri eta, hala eta guztiz ere, zortzi pertsonak idatzi digute. Zer izango ote litzateke argazkiak jarri izan bagenitu! Nirekin bat etorriko zarete pentsatzean irudirik gabeko pisu baten iragarkia aski susmagarria dela: izan faltsua delako, izan pisua baino kobazuloa delako. Baina gauzak zer diren... iragarkirik itsusiena ere erakargarria da gaur egun gazte prekarioentzat.
Lau bisita izan ditugu. Haien ahotik jakin dugu astean iragarki bakanen bat baino ez dutela aurkitu, askotan ekainera arteko alokairuak baino ez direla, asko eta asko lotsagarriki garestiak direla eta beste askotan kontratua lortu eta erroldatzeko trabak daudela. Tira, turismoak alokairuan duen eragina zalantzan jartzen duten horiek gela bat alokatzea besterik ez dute pisukidegaiek bidean zer aurkitu duten deskubritzeko.
Guztiak gazteak izan dira eta denek zuten gizarteak lan duintzat hartzen duten horietako bat. Gaur egun, baina, ez da beti nahikoa lan duin bat izatea bakarka pisua alokatzeko. Soldataren zein ehuneko bideratu behar litzateke etxebizitza-gastuak ordaintzera? Noiz bihurtzen da errentagarri etxea erostea? Ba al dute aukerarik hiru hilabeteko kontratuak bata bestearen atzetik sinatzen dituzten gazteek etxe bizitzarik erosteko ere?
Orain erabakitzea dagokigu. Nori emango ote diogu bilatzeari uzteko poztasuna? Nori esan behar izango diogu atsegina zela, baina beste bat aurkitu dugula? Eta gero, noiz tokatuko zaigu guri etxez aldatzea? Zenbat pisutara idatziko dugu bisita lortu baino lehen? Zenbat pisu ikusiko ditugu egokia den bat aurkitu arte? Nekeza da zinez gazteon bizitza...